Juan Mari Tolin kirol argazkilari zarauztarrak Txirrindularitza eta argazkilaritza, bi pasio eta helmuga bat erakusketa zabaldu berri du aste honetan Photomuseumen, eta proiektua aurkezteko ekitaldia egingo du gaur arratsaldean. Ostiraletako Gela kultur programaren barruan antolatu dute saioa, eta honek izan ohi duen ordutegian egingo dute; hau da, 18:00etan hasita, doako sarrerarekin.
Tolinen argazki mostra astearteaz geroztik dago ikusgai, otsaileko azken egunean zabaldu baitzuten erakusketa. Gaurkoa, nolabait esatearren, herritarrak eta gertukoak bertara hurbiltzeko "aitzakian" antolatu duten hitzaldi-solasaldia izango dela azaldu du Photomuseumek ohar bidez.