Gutuna

Arboretum urbanizatua

Martxel Aizpurua 2023ko ots. 28a, 09:45

Arboladiaren mapa-kartela. (Aritz Mutiozabal)

Martxel Aizpurua herritarrak ondorengo gutuna helarazi du Zarauzko Arboretum arboladiaren inguruan duen iritzia emateko.

Zarauztarrak jakinen gain daude udalak Abendaño aldean, udal-baratzak dauden inguruan, Arboretum bat egin nahi duela. Lanean ere hasi dira duela gutxi.

Berez, ideia ona da eremu zabal batean, Euskal Herriko zuhaitzez osatutako arboladi eder bat sortzea, zuhaitzok egin daitezen handi eta eder, inongo inausketarik gabe.

Baina, beti izaten da baina bat, arboladi eder hori egiteko landa-eremu hori erabat urbanizatu dute. Alde batean kamioiak ibiltzeko moduko bide zabal bat eraiki dute maldan gora. Bestaldean ere, txikixeagoa, baina oso malda handian.

Nire iritzirako, exekuzio-proiektuak hondatu egin du hasiera batean ideia polita izan zitekeena.

Zer beharra zegoen halako bideak eraikitzeko? Zertarako gastatu hainbeste diru, landa lurrak hondatzeko? Zertarako mugitu hainbeste lur? Ez al zen nahikoa Frantseskuako zubitik Abendaño aldera dagoen arboladian bezalako bidezidor bat, harat eta honat?

Bide-ingeniari ez banaiz ere, legarrez egindako bideok iraupen gutxikoak iruditzen zaizkit, eta ziur aski, hurrengo euriteetan hondatu egingo direla dakusat. Tristuraz aurreikusten dut bideok hormigoituak izango direla. Farolak eta zintarriak faltako dira orduan, astakeria osatzeko. Beldur naiz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide