Paulo Azpiazuk irabazi du Urrezko Harri-jasotze Txapelketa

Julene Frantzesena 2023ko otsailaren 26a

Paulo Azpiazu finalaren ostean txapelarekin. (Ibon Errazu)

Azpiazurekin batera lehiatu dira, Xabat Olaziola zarauztarra eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a aiarra. Hasieratik nagusi izan da Azpiazu, eta kubikoarekin zertxobait kostatu bazaio ere, ederki borobildu du jarduna bolarekin. Orotara, 8.175 kilo jaso ditu Izetaren eskolako harri jasotzaileak.

Herri kirolarien eta herri kirol zaleen topaleku izan da gaur, igandea, Urrestillako Txikuri frontoia. Izan ere, XXIII. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren eta Urrezko Harri-jasotze Txapelketaren finalak jokatu dituzte 12:00etan hasita han. Gogotik gozatu dute hara joandako herritarrek, lehia polita jokatu baitute bai aizkolariek, bai harri jasotzaileek.

Izatez, lau kirolarik parte hartu behar zuten harri jasotze lehian, baina osteguneko aurkezpenean azaldu zutenez, Mikel Lopetegi Urra zarauztarra kanpoan gelditu da, min hartuta. Horrenbestez, Paulo Azpiazu, Xabat Olaizola zarauztarra eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a aiarra aritu dira nor baino nor, eta Izetaren eskolako Azpiazurentzat izan da txapela.

Hiru harri jasotzaileek lau harrirekin jardun behar izan dute minutu eta erdiko saio banatan: 125 kiloko laukizuzenarekin, 125 kiloko zilindroarekin, 112,5 kiloko kubikoarekin, eta 100 kiloko bolarekin. Hasieratik nagusi izan da Azpiazu, eta kubikoarekin zertxobait kostatu bazaio ere, ederki borobildu du jarduna bolarekin. Hark, orotara, 8.175 kilo jaso ditu gaurko finalean, eta bigarren sailkatu den Olaizolak, berriz, 7.512,5 kilo. Izeta IV.ak, bere aldetik, 6.387,5 kilo jaso ditu.

Bihurri eta Basozabal nagusi

Harri jasotze lehia ez ezik, aizkorakoa ere izan da, eta lau bikotek jokatu dute final hori: Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Txomin Amundarainek; Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak eta Ioritz Gisasola Zelai IV.ak; Iker Vicentek eta Jon Rekondok; eta Hodei Ezpeleta Bihurrik eta Jokin Urretabizkaia Basozabalek. Lehen hiru bikoteak multzoetako sailkapenen buru izateagatik pasatu dira finalera, eta laugarrena, berriz, bigarren postuan sailkatuetakoen arteko finalerdia irabazita.

Horiek hainbat enbor ebaki behar izan dituzte gaurkoan Urrestillan: zehazki, 45 ontzako enbor bat kolpeka, beste bat erlojupekoan, kanaerdiko bat zutik, 65 ontzako bat abiadura proban, 45 ontzakoa zutik, kanaerdiko bat etzanda, eta bukaeran, bina kanaerdiko, 60 eta 65 ontzako enbor. Bikote guztiek lan txukuna egin badute ere, lanak azkarren Bihurrik eta Basozabalek egin dituzte; aizkolari horiek 17 minutu eta 19 segundo behar izan ditu lanak bukatzeko. Bigarren, berriz, Iker Vicente eta Jon Rekondo sailkatu dira (18:09), eta hirugarren, Larrañaga eta Amundarain (18:52). Laugarren sailkatu dira Txikia IV.a eta Zelai IV.a, lanak 19 minututan eta 16 segundotan amaituta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide