Hamazazpi urtez Zarautz arraun elkarteko arraunlaria izan eta gero, Beñat Eizagirre (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) Ondarroako tostetan ariko da 2023an. "Arraunean aritzeko nuen ilusioa eta grina itzaltzen ari zitzaizkidala ikusi nuen. Anbizio handiagoa zuen egitasmo bat nahi nuen, eta horregatik erabaki nuen nire familia izan den kluba utzi eta beste norabait joatea. Erronka bat behar nuen".
Hainbeste urte talde berean egin eta gero, erabaki hartzea "ez da erraza izan" zarauztarrarentzat. "Ez da izan bat-bateko kontua. Urte asko ziren toki berean, eta azken urteak ez dira onenak izan. Iazko udaberrian ikusi nuen emaitzak ez zirela espero nituenak, eta, pixkanaka, aukera hori aztertzen hasi nintzen. Urte osoa entrenatzen ematen dugu, eta, horri aurre egiteko, motibazio bat behar da. Ikusten nuen nire betiko taldean jarraitzeak ez ninduela behar beste motibatzen, eta batzuetan arriskatu ere egin behar da bizitzan". Arrauna uztea ez zitzaion "sekula" burutik pasatu ere egin. "Maite dudan eta asko eman didan kirol bat da. Fisikoki ondo nagoen bitartean arraun egiten jarraitzea da asmoa".
Zarautz uzteko erabakia hartuta, izan zitzakeen aukerak aztertu zituen Eizagirrek. "KAE1eko beste talde batzuen aukera nuen arren, Eusko Label ligako traineru batean aritzeko nahia nuen. Zarautzekin bi urte egin nituen gorengo mailan, eta berriz ere hori bizitzeko gogoa neukan. Urte luzez Usurbilen bizi izan naiz, eta, Iñaki Errasti [Ondarroako entrenatzailea] ingurukoa denez, arratsalde batez harekin eseri nintzen. Ondarroa egitasmo irekia zela azaldu zidan, eta, nire ustez, nirekin ondo bat egiten duen talde bat izan daiteke".