Zarauzko eskoletan garatzen ari diren proiektuen berri eman dio udalak Hezkuntza Sailari

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 26a, 09:00

Jokin Bildarratz sailburua eta Xabier Txurruka alkatea, aste honetan egindako bisitan. (Zarauzko Udala)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak, Jokin Bildarratz sailburua buru zutela, Zarautzen izan dira aste honetan herriko ikastetxeetan garatzen ari diren proiektuen berri izateko. 

Lan bilera izan dute aste honetan Zarauzko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailako kideek Zarautzen. Bertan, Xabier Txurruka alkatea eta Irune Urbieta zinegotzia Jokin Bildarratz sailburuarekin elkartu dira. Zarauzko ikastetxeetan bultzatzen ari diren proiektuen berri izan du sailburuak. 

Lehenbizi Monte Albertia Lanbide Heziketako Zentroa bisitatu zuten, eta jarraian Santa Klara komentua ezagutzeko aukera ere izan zuten. Xabier Txurruka alkateak ohar bidez azpimarratu du “ezinbestekoa" dela instituzio desberdinen arteko elkarlana, "etorkizuneko Santa Klaran zarauztar guztion zerbitzura jarriko den ekipamendu bizia, moderno eta irekia denon artean lor dezagun”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide