"Beti geratzen zaizu gehiago egin ahal zenezakeen sentipena"

Aritz Mutiozabal 2023ko otsailaren 23a

Ibon Zinkunegi suhiltzailea. (Aritz Mutiozabal)

Mugarik Gabeko Suhiltzaileen presidentea da Ibon Zinkunegi (Zarautz, 1963), eta erakundeko talde bat Turkian aritu da lurrikarak eragindako hondamendian erreskate lanak egiten.

Lurrikara gertatu zenean, garbi izan al zenuten hara joan beharra zenutela laguntzera?
Normalean, horrelako hondamendi bat gertatzen denean, kalteen balorazioa egiten dugu. Kasu honetan, lurrikara 7,8 gradukoa izan zen, eta goizaldeko 04:00etan gertatu zen. Hori kontuan izanda, garbi geneukan eraikin asko lurrera eroriko zirela, hildako ugari eraginez. Beraz, behin balorazioa eginda, Nazio Batuekin harremanetan jarri ginen, horrelako hondamendietan haiek hartzen dutelako koordinazioaren ardura. Hala, geure burua eskaini genuen laguntzarako; eta gu bezalako taldeoi eskatzen digutena da erreskatatzaileak, osasun langileak eta txakur bilatzaileak gidekin bidaltzea.

Nola izan zen antolaketaren prozesu guztia?
Astelehen goizean hasi ginen harremanetan jartzen Nazio Batuekin, baina 19:00-20:00 aldera arte ez ziguten erantzun. Bitartean, prestaketa lanei ekin genien, eta bertaratzeko konfirmazioa jasotzerakoan hasi ginen hegazkin txartelak erosten. Espainian Larrialdi Unitate Militarra eta Madrilgo Berehalako Erreskate Taldea daude, Espainiako Gobernuak finantziatzen dituenak, eta haiek gobernuaren hegazkinetan bidaiatzen dute. Gu apalagoak garenez, geure poltsikotik erosten ditugu hegaldiko txartelak, turistek bezalaxe. Jakina, turista batekin alderatuta, 500-600 kilo material eta txakurrak eramaten ditugu. Orduan, hori  konpainiarekin negoziatu behar izaten dugu.

Garbi zeneukaten Turkian egingo zenituztela erreskate lanak? Eta zergatik ez Sirian?
Sirian sartzeko arazoak zeuden, eta, gatazka handia dute herrialdean. Nazio Batuetako Kasko Zuriak ari ziren han lanean. Egia da Siriara joatea oso zaila zegoela, eta behin hara joanez gero, ez ziguten segurtasuna  bermatzen. Bagenekien arazo bera zutela eta oso kaltetuta zeudela, baina segurtasun ezagatik Turkiara jo genuen. Istanbulera egin genuen lehen bidaia, eta handik Adanara iritsi ginen, lurrikararen epizentrotik oso gertura.

Behin hondamendiaren gunera iritsita, berehala jarri al zineten martxan?
Adanara iritsi bezain laster, Turkiako armadako pertsona batzuk iritsi ziren, eta txakurra eta geofonoa zituzten taldeen bila zebiltzala esan zuten. Guk biak geneuzkanez, Kahramanmarasera eraman zituzten taldeko lau kide helikopteroz lehenbailehen; beste bost kideak furgonetan joan ziren, bost orduko bidaia eginez, errepideak kolapsatuta zeudelako. Taldekideak Kahramanmarasera iritsi bezain pronto, txakurrak eremua miatu zuen eta 12 urteko haur bat detektatu zuten obra hondakin artean. Beraz, hasiera ona eman genion esku hartzeari.

Nola erabakitzen duzue Mugarik Gabeko Suhiltzaileen barruan nortzuk joango zareten halako erreskate batera?
Oraingoan ni ez naiz Turkian izan erreskate lanetan, ezin izan dudalako, baina hemendik aritu naiz koordinazio lanak egiten. Nola erabaki dugun? Bideokonferentzia batzuk egin genituen Turkiako lurrikararen inguruan, eta bertaratzeko prest zeudenen artean zerrenda bat osatu genuen. Hortik abiatuta, urtean zehar egindako kolaborazioak eta trebakuntza ikastaroak hartu genituen kontuan taldea osatzeko. Batzordekideok erabakitzen dugu, azken finean, nortzuk joango diren hondamendiaren tokira laguntza ematera. Bederatzi laguneko taldea joan zen Turkiara, eta talde hartako arduraduna eta ni dena koordinatzen aritu gara. Gero, beste bi kiderekin batera, komunikaziorako taldetxo bat sortu genuen.

Zehaztuta al zeneukaten zenbat egunetarako joango zineten?
Bai, normalean hondamendia gertatu denetik hamar bat eguneko egonaldia egitea kalkulatzen dugu. Hara joateko hegaldi txartela otsailaren 7an hartu genuen, eta otsailaren 14an bueltakoa. Gero, otsailaren 13an bizitza zantzuak topatu zituzten, eta lanean hasi ziren, baina arazo handiak izan zituzten eraikin denak birrinduta zeudelako. Turkiako meatzariak ere batu ziren zereginera, eta haiekin elkarlanean aritu ziren. Lan mantsoa eta astuna izan zen, ia 36 orduz aritu ziren gelditu gabe. Hori horrela, itzulerako hegaldia egun batez atzeratu genuen, eta kudeaketa hori hemendik egin genuen.

Eta hainbeste lan egin ostean, bere fruitua eman al zuen?
Bizitza zantzuak zeuden tokira iristen ari zirela, txakurrak lekua zehaztu zuen eta kamera termografikoaren seinalea laranja-horitzen hasia zegoen. Horrek jada esan nahi zuen hilzorian edo hilda zeudela. Azkenean, haiengana iritsi ziren, baina hiru lagun topatu zituzten hilda.

Askotan aipatzen da zuen egitekoa heroikoa dela, baina halako sarraskiak bizi ondoren, nola aurre egin horri psikologikoki?
Ni halako erreskateetan ibili naizenean, egia esan, han bertan ez dut ezer nabaritzen. Une oro, lanean zabiltza etengabe. Baina handik bueltan, astebetera edo bi astera, orduan hasten da burua lan egiten, eta benetan gogorra izaten da. Pertsona bakoitzaren arabera, noski, gogorragoa edo arinagoa izan daiteke. Batzuek psikologo baten laguntza ere behar izaten dute guztia barneratzeko. Bakoitzak bere nortasuna du, baina itzultzean beti etortzen zaizkizu bueltan han bizitakoak. Gure lanbidean beti geratzen zaizu gehiago egin ahal zenezakeen sentipen hori, edo azkarrago aritu bazina bizitzaren bat salbatzera iritsiko zinatekeen arantza. Azkenean, hori eramaten ere ikasi egiten da.

Igandean eman zituzten bukatutzat erreskate lanak. Oraindik, ordea, eraikin pila bat daude eraitsita, eta milaka desagertu.
Hala da. Hondakinen azpian, pertsonek gehienez ere zazpi egun iraun dezaketela bizirik kalkulatzen dugu, eta hortik aurrerakoak mirariak izaten dira. Han zebiltzan talde gehienak zazpigarren egunerako itzuli egin ziren, eta hemengoak azkenak izan ginen bueltatzen. Gainera, astebetera makinak sartzen hasi ziren bideak zabaltzeko eta garbiketak egiteko. Eraikin horien azpian hildako pila bat egongo da, eta makinekin mugitu ahala agertzen joango dira. Gainera, bertako jendea zain zegoen haien senideak noiz agertuko, haiei lurra eman eta beste norabait joateko.

"Bost lagun bizirik erreskatatu ditugu hamar egunetan"

Turkiakoa orain arte bizitako hondamendirik handiena izan dela onartu du Ibon Zinkunegi Mugarik Gabeko Suhiltzaileak gobernuz kanpoko erakundeko presidenteak. «Han egon garen hamar egunetan bost lagun erreskatatu ditugu bizirik, eta guretzat poz handia da hori, baina horrek esaten digu zer-nolako lurrikara izan den», azaldu du Zinkunegik. Erakundeak bere webgunean dirua biltzeko kanpaina jarri du martxan, irteera solidarioak finantziatzeko. «Gure helburua laguntzea denez, erabaki genuen guri laguntzeko eta gure beharrak ordaintzeko kanpaina abian jartzea», gaineratu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide