Kalapie elkarteak Mugikortasun Plana berrikusteko eskatu dio udalari

Aritz Mutiozabal 2023ko otsailaren 22a

Azken Portu auzoko bidegorria. (Kalapie elkartea)

Bizikletaren erabilera "sustatu beharrean, murriztea" ekarriko duten neurriak hartu direla iritsi dio elkarteak. Era berean, herritarren "parte hartze prozesu eraginkor bat ireki" dezan eskatu dio udalari.

Joan den irailean onartutako Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana berrikusteko eskatu dio Kalapie elkarteak Zarauzko Udalari. Horretarako bi arrazoi nagusi jarri dituzte mahai gainean: alde batetik, herritarrek ez dutela aukera izan behar bezala parte hartzeko planaren eraketan, eta bestetik, bizikleta bidezko mugikortasunari dagokionean.

Elkarteak gogora ekarri du udalak hamar egun balioduneko epea utzi zuela abuztuan herritarrek ekarpenak egin ahal zitzaten, eta nabarmendu du hori ez dela legezkoa. "Izan ere, legeak publikoaren benetako parte-hartze eraginkorra erraztea eskatzen dute, eta, zehazki, Jasangarritasun Energetikoaren euskal legeak ezartzen du alegazioak aurkezteko epea ezingo dela izan 45 egunetik beherakoa".

Era berean, Mugikortasun Planaren edukiarekin ere desados agertu da Kalapie, "bizikletaren erabilera sustatu beharrean, murriztea" ekarriko lukeelako. Hain justu ere, "oinezkoen eremuetan seinaleztatutako bidegorriak kentzea proposatzen du, eta oinezkoek eta txirrindulariek espazioa partekatzea, erabilerak bereizi gabe. Era berean, bizikletak zirkulatzeko lekua ematen duten galtzadako zatiketak kentzea proposatzen du, eta, horren ordez, seinale bertikalak jartzea".

Hirian bizikletaren erabilera baldintza seguruetan sustatzeko bizikleta erabiltzaileentzat erreserbatutako espazioak sortu behar direla aldarrikatu dute. "Horregatik, motordun trafikotik eta oinezkoen zirkulaziotik fisikoki bereizitako bidegorriak edo bizikleta bideak ezartzea gomendatzen da", zehaztu du elkarteak.

Hori hala, Kalapiek nabarmendu du Mugikortasun Iraunkorreko Plan berria "kontraesanetan" dagoela 2015ean onartutako Zarauzko Bizikleta Bide eta Azpiegituren Plan Bereziarekin. "Izan ere, plan hori ez du bete udalak, bizikleta-ibilbideen oinarrizko sarea garatu gabe dagoelako". Horrenbestez, Mugikortasun Plana berrikusteko eskatu dio, herritarren "parte hartze prozesu eraginkor bat ireki" dezan eta bizikletaren erabilera "kaltetzen duten neurriak" kendu ditzan. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide