Parisko Olinpiar Jokoetarako plazak emango dituen txapelketan izango dira Zarauzko hiru surflari

Juan Luis Romatet 2023ko otsailaren 22a

Nadia Erostarbe da Espainiako selekzioarekin lehiatzeko deitutako Zarauzko surflarietako bat. (Bat Basque Team)

Udaberri amaieran El Salvadorren jokatuko den Surf City El Salvador ISA World Surfing Games txapelketan izango dira Zarauzko hiru surflari. Datorren urtean Parisek hartuko dituen joko olinpikoetarako plazak emango dira txapelketa honetan. 

Surf City El Salvador ISA World Surfing Games txapelketa jokatuko da maiatzaren 30etik ekainaren 7ra bitartean Erdialdeko Amerikako herrialde honetan. Mundu mailan ezagunak diren El Sunzal eta La Bocana olatuetan banatuko dira datorren urtean Parisen jokatuko diren joko olinpikoetarako lehen plazak. 

Asiako, Afrikako, Ozeaniako eta Europako surflariak bertaratuko dira El Salvadorrera. Txapelketa honetan lehen postuak lortu dituzten kontinente bakoitzeko surflariak zuzenean sailkatuko dira 2024ko olinpiadetara. 

Espainiako selekzioak hamar suflari deitu ditu txapelketa honetara, bosna gizon eta emakumeetan. El Salvadorrera joateko deitutakoen artean Zarauzko hiru surflari daude: Aritz Aranburu eta Adur Amatriain gizonetan, eta Nadia Erostarbe emakumeetan. Hirurak eta titular moduan arituko dira. Ordezko bezala, eskualdeko beste surflari bat ere deitu du hautatzaileak, Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra, hain zuzen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide