Zarauzko etxez etxeko langileek protesta mobilizazioei ekin diete euren lan baldintzak hobetzea eskatzeko, eta bizi duten egoera azaleratzeko. ELA sindikatuak deituta 50 lagun inguru bildu dira, eguerdian, Lege Zaharren enparantzan, "Zarauzko etxez etxeko langileen pobretzerik ez! Hitzarmena orain", zihoen pankartaren atzean, udaletxearen aurrean elkarretaraztea egiteko.
Sindikatuak salatu duenez, 26 langile dira -guztiak emakumeak- Zarauzko etxez etxeko zerbitzuan dihardutenak zaintza lanak egiten edota etxeak garbitzen, baina ez dute hitzarmen kolektiborik, eta Madrilen sinatutako estatu mailako ituna da lan baldintzak arautzen dizkiena. Gainera, baldintza horiek "oso prekarioak" direla diote: "Oinarrizko soldata 10,03 eurokoa da orduko, urteko lanaldia 1690 ordutakoa eta kontziliazio eta medikura joateko orduak ez dituzte araututa", zehaztu dute.
Horren aurrean, duela bi urte hasi zituzten baldintzak hobetu eta hitzarmena lortzeko negoziaketak udalarekin eta zerbitzua kudeatzen duen Eulen enpresarekin, baina aldeen arteko jarrerak "oso aldenduta" daude oraindik. Are gehiago ere badio ELAk, sindikatuaren arabera, egin dieten proposamena "ez da duina".
Horregatik guztiagatik, mobilizazio dinamika abiatzea erabaki dute, eta ostegunero egingo dituzte protestak eskaerak betetzea lortzen duten arte. Gaurkoa izan da lehenengoa bide horretan, eta udalaren kontra zuzendu dituzte aldarrikapen oihuetako asko, hura baita zerbitzua azpikontratatzen duena. Ondorioz, "udalak ardura zuzena du langileen lan baldintzetan eta hark erabaki du horrela lan egin behar izatea", salatu du sindikatuak.
Eskaera nagusiak
Bada, aipatutako langileen aldarrikapenei erreparatuta, Kontsumo Prezioaren Indizearen araberako soldata igoera eskatzen dute erosahalmena galdu ez dezaten. Horren harira, salatu dute enpresak nahi duena dela langileak gero eta pobreagoak izatea haiek irabaziak handitzen dituzten bitartean.
Horrez gain, baita urteko lanaldiaren jaitsiera txikia nahi dute, baita desplazamenduak arautzea ere, zeren eta etxe batetik bestera mugitu beharrak gaur gaurkoz aintzat hartzen ez denbora eta gastua dakarkie langileei.
Halaber, medikuarengana joateko baimenak ordaindutakoak izatea eskatzen dute. Zentzu horretan, azpimarratu dute azken hori adinekoen egoitzetan eta esparru soziosanitarioan orokorrean jada eman den hobekuntzak dela, eta etxez etxeko sektorean ere aplikatu beharko litzatekeela.