Herriko lorategi historikoak ezagutzeko parada

Aritz Mutiozabal 2023ko otsailaren 16a

'Zarauzko lorategien historia' erakusketaren sarreran, Xabier Alberdi eta Patxi Elola. (Jabi Gonzalez Toston)

Arratsaldean irekiko dute Zarauzko lorategien historia erakusketa Torre Luzean, eta martxoaren 19ra arte bisitatu ahal izango dute herritarrek.

Zarauzko lorategien historiari buruzko erakusketa zabalduko dute gaur arratsaldean Torre Luzean. Argazki, plano eta datu zaharren bidez, herriko lorategien memoria jaso dute, haien balio estetikoa eta ondare historiko eta kulturala, herritarrek ezagutza horren berri izan dezaten.

Lorezaintza jarduera klasikoa da Zarautzen, baina Pascual Madoz eta Narrosko Markesen figura erabakigarriak izan ziren horien eklosiorako, XIX. mendearen erdialdean. Garai horri Zarauzko lorezaintzaren Urrezko Aroa esaten zaio. Xabier Alberdi historialari zarauztarra arduratu da azterketa hori egiteaz eta erakusketa osatzen duten elementuak koordinatzeaz.

Urrezko garai hura amaituta, "gure imajinario kolektiboan utzitako arrastoa" geratzen dela azaldu du Patxi Elola Lorezaintza zinegotziak: "Izan ere, zarauztar asko, gehiago edo gutxiago, belaunaldiz belaunaldi lorezaintzan aritu ziren familien ondorengoak edo ahaideak eta lagunak gara”.

Erakusketa datorren martxoaren 19a bitartean bisitatu ahal izango da, erakusketa aretoaren ohiko ordutegian: astelehenetik igandera, 18:00etatik 20:00etara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide