Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak aste honetan jakinarazi du Martxoak 8ko Kartel Lehiaketako bigarren saritua. Publikoaren sariaren irabazlea, alegia. Joan den astean aurkeztu zuen kartel irabazlea egilearekin batera, baina artean bozketa irekia zabalik zegoen oraindik. Astelehen eguerdian itxi zuten eta Arbil Iciar Manterolaren Por la igualdad proposamena izan da bozkatuena. 244 boto jaso ditu, zehazki. Hori horrela, 200 euro jasoko ditu egileak.
Iciarrek lehiaketara aurkeztu duen diseinuari erreparatuta, argazki bertikal batekin du. Irudian, heldu baten besoa ikus daiteke haur baten burua eusten ari dela.
Esan bezala, herritarrak izan dira publikoaren sariaren irabazlea bozketa ireki bidez erabaki dutenak. Facebook sare sozialean egin dute, eta Zarautz Parekideren profilean galeria bat osatu zuten antolatzaileek horretarako. Bertan lehiaketara aurkeztutako diseinu guztiak sartu zituzten, eta bozketan parte hartu zuten herritarrek gustukoen zituzten diseinuei emandako Atsegin dut kopuruarekin zenbatu zituzten botoak.
Gogoratu, era berean, lehiaketara aurkeztu zituzten kartel guztiekin erakusketa ere ikusgai dagoela Emakumeen* Etxean. Hori horrela bertaratzera animatu ditu herritarrak Parekidetasun saila bertako nahiz kanpoko sortzaileen lanez gozatzeko. Martxoaren 17a bitartean izango da erakusketa zabalik, ondorengo ordutegian: 10:30etik 12:30era eta 16:00etatik 20:30era, astelehenetik ostiralera.