Elbira Zipitria hezitzaile eta euskaltzale zumaiarrari buruzko Elbira dokumental fikzionatua abenduaren 26an estreinatu zuten Donostiako Kursaaleko auditorioan, Zipitria hil zela 40 urte bete ziren egun berean –1906an jaio zen Zumaian, eta 1982an hil, Donostian–. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako lana izan da, eta Baleuko ekoiztetxeak egin du.
"Aurreneko emanaldiaren arrakasta ikusita", dokumentala Gipuzkoako 36 udalerritan erakustea erabaki du aldundiak, tartean Zarautzen. Modelo aretoan izango da emanaldia, 20:00etan hasita, eta sarrera doakoa izango da.
Aldundiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Elbira filmak "hainbat adituren eta Zipitriaren gertuko kideen eskutik sakontzen du Zipitriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean".
Dokumentalaren edukia
Iban Gonzalezek zuzendutako Elbira dokumentalak 65 minutuko iraupena du, eta Elbira Zipitriaren bizitzan eta jardunean sakontzen du gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak bilakatuta protagonista eta haren istorioaren narratzaile.
Zipitriaren bizitzaren pasarte fikzionatuen laguntzaz, haren jatorria, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa, itzulera eta jarduna kontatzen dira filmean zehar.