Pandemiaren eraginez, kirol ekitaldi guztiak bertan behera geratu ziren azken urteetan, baina pixkanaka-pixkanaka normatasun egoerara itzuli ahala, gehienak berreskuratzen ari dira. Talai Berri txakolindegiak antolatzen duen Mahasti Krosa horietako bat da: martxoaren 12rako iragarri du lasterketaren laugarren edizioaren hitzordua. Gainera, izena aurrez emateko epea ere zabaldu dute; 12 euroren truke egin daiteke inskripzioa herrikrosa.eus atarian, eta egunean bertan, berriz, 15 euro balioko du. Parte hartzea ehun lagunetara mugatuta dago.
Ohi bezala, txakolindegi aurrean hasi eta bukatuko da lasterketa, korrikalariek 7,2 kilometroko distantzia korrituko ondoren. Irteera 10:30ean egingo dute, eta parte hartzaileek azken edizioko ibilbide bera osatu beharko dute. Alde horretatik, ez dago aldaketarik. Mollarriko kargaderora jaitsi, handik mahastira igo, eta bertako lur-sailetan zehar igaro ondoren helmugaratuko dira, hain zuzen ere.
Sari banaketa eguerdian egitea aurreikusten dut, eta emakume nahiz gizonezkoen kategorietan hiruna sqari egongo da: garaileentzat txapela, Manu Urbietaren eskultura eta irabazlearen pisua adina Talai Berri txakolin botila; bigarren sailkatuentzat, Manu Urbietaren kuadro bat eta sei botilako Talai Berri txakolin kaxa; eta hirugarren sailkatuentzat, Manu Urbietaren kuadro bat eta hiru botilako Talai Berri txakolin kaxa.
Bestalde, lasterketan parte hartzen duten guztiei Antton Olariagak diseinatutako kamiseta eta Talai Berri txakolin botila bana oparituko zaie.