Kutxatilako ilaran dagoela ikusi ditu Real Madril taldeko kamisetak. Zarautzen dagoen izen ezaguneko kirol denda batean izan da. Hasieran pentsatu du nahastu egingo zela, ez zirela madrileko kamisetak izango, baina begirada apalategian finkatzean baieztatu du: bi talde euskaldunen elastikoen aldamenean daude, helduentzat zein haurrentzat aukeran. «Noiztik salduko ote dituzte Real Madrilekoak?», galdetu dio bere buruari. Garbi dauka bera haurra zenean ez zegoela halakorik, ez behintzat begi bistan.
Pare bat aste lehenago 6 urteko seme futbolzaleak sekulako poza hartu zuen txikle bateko pegatinan Real Madrileko jokalari ezagun bat tokatu zitzaiolako. Zeharo harritu eta larritu zuen semearen pozak eta adierazi zion talde hartako kromo bat izatea ez zela «guaya». «Zergatik ez?», galdetu zion hark zur eta lur, «onenak dira eta». Nondik hasi azalpena? Berak 6 urterekin bazekien hori hala zela, ez du oroitzen nola jakin zuen, nork transmititu zion. Zein unetan pasa gara Madrid se quema kantatzetik, ¡Hala Madrid!-era?