Atzerapenarekin bada ere, Arkamurka natura elkarteak bat egin nahi izan du Hezeguneen Nazioarteko Egunarekin (otsailaren 2an izan zen) eta Hezeguneen Eguna antolatu du laugarrenez. Larunbatean, otsailak 11, egingo dute eta helburua da hezeguneen garrantzia aldarrikatzea eta behar bezala babestea. Horregatik, zabor bilketa deitu dute Iñurritza biotopoan egon litezkeen plastikoak jasotzeko. Halaber, argitu dute hondakin naturalak bertan utziko dituztela. Hau da, adarrak, enborrak eta abarrak.
Esan bezala, hezeguneei duten balioa ematea eta zaintzea da ekintzaren helburu nagusia; izan ere, "munduan gehien hondatu eta galdu diren ekosistemak dira", Arkamurkaren esanetan. Horren arrazoia ere azaldu du elkarteak: "garai batean, jendeak uste zuen ezertarako balio ez zuten lokaztiak direla". Era berean, aitortu du berandu konturatu direla hezeguneek dituzten onurez, eta zein diren zehaztu ditu: "Alde batetik, itsasertzeko eta lehorguneetako ur-sistema erregulatzen dute eta, bestetik, gune horietan dagoen fauna eta flora oso aberatsa da".
Horrez gain, Arkamurkak azpimarratu du "munduko ekosistemarik emankorrenak" direla hezeguneak: "Bertan pilatzen da ibaietatik datorren materia organikoa. Gainera, jakina da hezegune eta paduretan ehunka itsaski (txirla, almeja, lohi har-zizareak…) biltzen direla, eta migrazioan dauden hainbat hegazti bertan elikatzen direla". Hori guztia aintzat hartuta, elkarteak defendatu du Zarautzek zaindu eta babestu beharreko "altxor handi bat" duela Iñurritzan. Harago ere joan da eta gaineratu du Irita eta Asti aldekoak ere naturalizatu beharko liratekeela hiru eremuak biotopo bakarrean batzeko.
Edonola ere, larunbateko hitzorduan jarriko dituzte indarrak momentuz, 09:00etan elkartuko dira parte hartzaileak gasolindegi pareko Zubiaurre berri baserriaren atarian eta azalpenak entzun ondoren ibaiaren bi aldeetan banatuko dira garbiketa lanak egiteko. Eskularruak eta katiuskak eramateko gomendioa egin dute antolatzaileek.