2022ko kirolari onena izendatu zaituzte. Nola hartu duzu saria?
Ilusio handia egin dit, eta sorpresa izan da. Egia da aurrez ere irabazi nuela sari hori taldeka, bai eskubaloian, baita saskibaloian ere, hasieran bi kirolak uztartu nituen eta. Dena den, bakarka irabazten dudan lehen aldia da, eta zorionez, saria jasotzera joateko aukera izan nuen, azkenean. Hasieran, larunbat goizean entrenamendua jarri zidaten, eta gurasoei eskatu nien nire ordez jasotzeko. Azken momentuan jai eman ziguten, ordea, eta garaiz iritsi nintzen. Pozten naiz, polita izan baitzen ekitaldia.
Azkenean beharrezkoa izan ez zen arren, hasieran zure jarraitzaile fidelenak hautatu zenituen saria jasotzeko, beraz.
Ditudan jarraitzaile onenak dira, bai [barrez]. Ahal duten bakoitzean joaten dira nire partidak ikustera. Europan jokatu dudanetan ere etorri izan dira, lanean jai hartzea lortu badute. Horregatik, uste dut beraiek ere merezi zutela sari hori jasotzea.
Eskubaloian egin duzun ibilbideari aitortza egiteko saria da jaso duzuna, eta ez da nolanahikoa izan.
Nork esango zukeen! Zarautzen jokatzen nuenean, ez nuen uste profesionala izatera irits nintekeenik, eta taldea utzi nuenetik pasatu ditut hiri eta talde batzuk: Pontevedra (Galizia), Iruñea, Logroño (Espainia), eta orain, Tolosa (Okzitania).
Taldez aldatu zaren bakoitzean maila altuagoan jokatzen duen batera joan zara, gainera.
Teucrok eskaintza egin zidanean, Asobal ligako esperientzia bizitzeko onartu nuen proposamena, pentsatuz urtebete egin ondoren Zarautzera itzul nintekeela. Baina, zorionez, Anaitasunak fitxatu ninduen. Halere, artean ez nekien Europan jokatuko nuela, oker ez banago, Kopako finalera iritsi zirelako lortu zuten sailkatzea eta. Dena den, sekulako jauzia izan zen Teurcrorekin maila galtzetik Europan jokatzera pasatzea. Gero, beste bi urtez jokatu nuen Europan Logroñorekin.
Hiru urte egin zenituen Logroñon, guztira, eta bigarrena duzu Tolosan. Talde horrekin, Europan aritu zinen iaz.
Azkenerako, lehen mailan orain arte egin ditudan zortzi denboraldietatik bostetan jokatu dut Europan. Sekulako esperientziak eman dizkit horrek, eta asko hazi naiz jokalari gisa. Ahal dudan bitartean, Europan jokatzen jarraitu nahiko nuke.
Hain justu, Europara itzultzeko borrokan zaude murgilduta orain Tolosarekin. Lan horretan Frantziako ligako talde indartsuenak garaitzea lortu duzue, lehen itzulian. Kontrara, sailkapenean atzetik dituzuenen aurka kale egin duzue. Zer gertatu zaizue?
Ezohiko denboraldia ari gara egiten. Normalean lortuko ez genituzkeen puntuak biltzen ari gara, eta gure ligako taldeen aurka irabazi beharko genituzkeenak galtzen. Hala ere, ondo kokatuta gaude sailkapenean. Bosgarrenak gara une honetan, eta denboraldia horrela amaituz gero, Europako txapelketara sailkatuko da taldea.
Eta zer nolako esperientzia ari da izaten Frantziakoa?
Ederra. Banuen gogoa nire burua beste liga eta beste herrialde batean probatzeko, egia esan. Uste dut pertsona bezala hazi naizela. Frantsesa ere ari naiz ikasten pixkanaka, eta ez naiz hartutako erabakiaz damutzen.
Zer du Frantziako ligak Asobalek ez duena? Nabarmendu zareten jokalari asko mugitu zarete liga horretara.
Maila altuagoko liga da, soldatak hobeak dira eta klubek eskaintzen duten profesionaltasuna ere handiagoa da. Azken batean, baliabide gehiago dituzte, eta horrek erakargarriagoa egiten du liga. Asobalen, Bartzelona da halako baldintzak eskain ditzakeen talde bakarra, baina jauzi izugarria dago Asobaleko beste edozein taldetatik Bartzelonara. Horregatik, erdibideko saltoa egiteko, onena izaten da Frantziako edo Alemaniako ligetan sailkapenaren erdialdean ibiltzen den talderen batera joatea.
Horrez gain, jokoan ere alde handia dago bi ligen artean. Fisikoagoa da Frantziakoa, indartsuagoak dira jokalariak, eta partiden erritmoa altuagoa da. Dena den, kalitate eta teknika aldetik, oso ona da Asobal liga.
Fisikoa aipatu duzu. Lesio larri bat ere izan zenuen Anaitasunan jokatzen zenuenean, baina ondo osatu zara.
Momentu gogorra izan zen niretzat. Goranzko joera eten zidan belauna hausteak. Hala ere, uste dut lesioak kirolari profesionalon egunerokoaren parte direla eta ahalik eta lasaien hartzen saiatu behar dugula, itzulera prestatzeko.
Lehen lerroan jokatzen duzu, eta oso garaiak izan ohi dira zure postuko jokalariak. Hala ere, ondo moldatzen zara.
Uste dut txikiak garen jokalariok ere lortu dugula gure lekua egitea eskubaloian. Gainera, ez naiz salbuespena, nire antzera badira goi mailako beste hainbat jokalari txiki ere: Luc Steins edo Miha Zarabec, esaterako.
30 urte beteko dituzu aurten, eta dagoeneko nahiko urrutira iritsi zara eskubaloian. Ba al duzu ametsik betetzeko oraindik?
Inoiz ez dut hurrengo pausoarekin amestu; iritsi egin dira aukerak, eta horrela egin dut aurrera. Beraz, eskubaloian jokatzen jarraituko dut, eta etorriko da etorri behar duena. Ez naiz itsutuko. Zentzu horretan, jada esan dezaket ez dudala Tolosan jarraituko eta Alemaniako ligan arituko naizela datorren denboraldian. Espero dut orain arteko esperientzia bezain atsegina izatea.
Eskubaloia eta Balentziaga abizena
Eskubaloi jokalari ugari eman ditu Balentziaga abizenak Zarautzen. Horren harira, Erik Balentziagak azaldu du aitaren familia adarreko aitona-amonengandik datorren oinordetza dela: "Zarauzko kirol elkarteko eskubaloi saileko lehendakaria izan zen gure aitona. Bere lau seme-alabek jokatu zuten taldean, baita gerora iritsi garen lehengusu guztiok ere".
Hori gutxi balitz, ama ere eskubaloian aritu zela nabarmendu du jokalariak. Halaber, argitu du familia ohiturak ez zuela inongo eraginik izan eskubaloia lehenetsi eta saskibaloia utzi zuenean: "Ez nuen inongo presiorik sentitu gurasoengandik bataren edo bestearen artean hautatu behar izan nuenean. Zentzu horretan, beti izan dut garbi nirea izan zela erabakia. Kadete eta jubenil mailetan bi kirolak egin nituen aldi berean, eta seniorretara iritsitakoan ere biak uztartzen ahalegindu nintzen. Baina gehiegizkoa zen, eta bat aukeratu behar izan nuen. Gusturago aritzen nintzelako eta gehiago dibertitzen ninduelako aukeratu nuen eskubaloia".