Zarauzko Udaleko Ingurumen departamentuak iturriko ura banatzeko kristalezko pitxer berrerabilgarriak banatuko ditu doan herriko ostalaritza establezimenduetan. Europako Batasunak indarrean jarritako hondakinen legedi berriaren haritik, aurrerantzean tabernek eta jatetxeek iturriko ura doan kontsumitzeko aukera eskaini beharko diete beraien bezeroei, kontsumo jarrerak aldatzeko eta plastikozko ur botilen kopurua murrizteko. Xede hori lortzen laguntzeko, kristalezko mila pitxer atera ditu udalak.
Pitxerrak doan eskuratu ahal izango dituzte herriko ostalariek, eta horretarako udaleko Agenda 21 departamentuarekin harremanetan jarri behar dute lehenbailehen. Departamentua arduratuko da banaketaren antolaketaz, eta establezimendu bakoitzak zenbat pitxer behar dituen zehaztu beharko dio 943 00 51 59 telefono zenbakira hots eginez.
Zarauzko Udalak urteak daramatza Plastibistak kanpainarekin bat eginez, erabilera bakarreko plastikoen kontsumoa murriztearen alde lanean. Ekimen berria ere ildo beretik datorrela nabarmendu dute, "ingurumenarekiko konpromisoa eta Plastikorik Gabeko Zarautz baten alde egiteko". Zentzu horretan, Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezek herriko ostalarien eta herritarren konpromisoa eta sentsibilizazioa eskertu du.