Ostegun honetan zozkatuko dituzte Salberdingo R14 lursailean eraikitzeakoak diren Erregimen Bereziko 92 Udal Etxebizitza Tasatuak. Zozketa Aritzbatalde udal pilotalekuan izango da ekitaldia, 18:00etatik aurrera, eta bertaratu ezin dutenek streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute zuzenean.
Onetsitako eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrendak joan den ostegunean argitaratu zituzten, eta onartuak baino ez dute hartuko parte hartuko zozketan; 960 lagunek, guztira. Egunotan eskaera bakoitzari ausazko zenbaki bat emango zaio, eta zenbaki hori erabiliko dute oinarri gisa zozketa egiterakoan.
Etxebizitza multzoa Araba kalean eraikiko dute, orain gutxira arte Pardo enpresa zegoen tokian, Aritzbatalde kiroldegiaren parean; dagoeneko garabiak eta hondea makinak lanean dabiltza azken hilabetean, zorua atontzen. Amenabar eraikuntza enpresa da etxebizitzen sustatzailea; 2020ko otsailaren 27ko osoko bilkuran hala erabaki zuten, lehiaketa bidez, R14 lurzatiaren salerosketa-kontratua aipatu enpresari esleitzea.
Zozkatuko diren etxebizitzen banaketa ondorengoa da: mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat lau etxebizitza gordeko dituzte, bina logelakoak (etxebizitza egokituak); bi logelako zazpi etxebizitza (etxebizitza egokitua ez direnak); eta hiru logelako 81 etxebizitza.
Udal Etxebizitza Tasatuen Ordenantzan araututa dago etxebizitza guztien gehieneko salmenta-prezioa. Era berea, jasota daude Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko aginduak, babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezio eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona zehazteari buruzkoak.