Bertan da Triatloia Maite Dut egitasmoak antolatutako 18 Astetan Triatleta erronkaren hirugarren edizioa. Aurten berritasun batekin dator, gainera, Super Sprint eta Sprint distantziez gain Olinpikoa prestatzeko ere eskainiko baitute.
Triatloia Maite Dut egitasmoak, hainbat herritako triatloi taldeen babesa du eta Zarauzko Nik Tri triatloi elkartea dago horien artean. Egitasmoak aurrera eramaten dituen jardueren artean dago aipatutako 18 Astetan Triatleta erronka eta izenetik ondorioztatu daitekeenez, helburua da triatloian hasi berri diren kirolariak proba batean parte hartzeko prestatzea 18 astez entrenamendu taulak, topaketak eta aholkuak jarraituz ondoren. Hori bai, antolatzaileek argi utzi dute lehiakortasuna guztiz albo batera utziko dutela.
Esan beharra dago, era berean, izen ematea doakoa dela eta euskara hutsean eskainiko dutela. www.triatloiamaitedut.eus/erronka webgunean aurkituko duen formularioa beteta eman dezake izena 14 urtetik gorako pertsona orok.
Gauzak horrela, aukeratutako distantziaren arabera astero 3 edo 5 egunez entrenatuko dute kirolariek eta 18. astera, triatloi denboraldiaren hasierara, Sprint (750 m igerian, 20 Km bizikletan eta 5 km korrika), Super-Sprint (350m igerian, 10 km bizikletan eta 2.5 km korrika) edo distantzia Olinpikoko (1.500m igerian, 40 km bizikletan eta 10 km korrika) triatloi bat egiteko prestatuak helduko dira.
Erronka behar bezala betetzeko, Triatloia Maite Dut egitasmoko kideek azaldu dute parte-hartzaile bakoitzak, astero, Fitgüne kirol aholkularitza zentroak (Hektor Llanos) prestaturiko entrenamenduak jasoko dituela. Zentzu horretan, hitzeman dute entrenamenduak oso ulerterrazak eta dinamikoak direla. Azken finean, lortu nahi dena, kirola eginez gozatu eta disfrutatzea baita. Asteroko entrenamendu taula jasotzeaz gain, uneoro partaideek aholkularitza zerbitzua eta tutorialak jaso dituzte Telegram aplikazioaren bitartez.
Horrez gain, partaideen artean, entrenamenduak astero jarraitzen arituko diren erronkako enbaxadoreak izango dira. Pasa den edizioetan hainbat izan ziren erronkara batu ziren aurpegi ezagunak: Julen Portillo (Youtuber eta umorista), Iñigo Vinces (EiTBn eta Instagramen arrakasta handia izaten ari den crossfiteroa), Aitziber Errazkin (Go!Azen telesaileko aktorea), Kai Nakai (Reggetoi euskal abeslaria) eta Izaro Bereziartua (Instagramer eta aurkezlea), besteak beste.