Udaltzaingoaren eraikin berriko obretan berdintasuna ez dutela baloratuko salatu du EH Bilduk

Jabi Gonzalez Toston 2023ko otsailaren 4a

Atzera egiteko eskatu diote Udal Gobernuari emakumeen kopurua bultzatzea helburu duen klausula soziala berrezarri dezan. Azken udalbatzarrean onartu  zuten esleipen-pleguetatik parekidetasun klausula esleipen-pleguetatik kentzea.

Udaltzaingoaren egoitza berriko obrak egiteko esleipen-pleguetan egindako aldaketaren aurka agertu da Zarauzko EH Bilduren udal taldea. Azaldu duenez, urtarrileko ohiko plenoan, aipatutako pleguetatik parekidetasun klausula kentzea onartu zuten EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. Ondorioz, koalizio abertzaleak salatu du lehiaketako balorazioa egitean ez dela kontuan hartuko obretan parte hartuko duten emakume kopurua.

Udal taldeak kritikatu du, halaber, Udal Gobernuak ez duela azaldu zergatik erabaki duen klausula kentzea eta ezbaian jarri du lehenago ere modu berean jokatu ote duen. Testuinguru honetan, parekidetasun klausulak betetzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du alderdiak "administrazio publikoak benetako parekidetasunaren alde egiteko dituen mekanismoak" direlakoan.

Hori horrela, EH Bilduk uste du "emakumearen presentziari garrantzia ukatu" zaiola Udaltzaingoaren egoitza berriko obrak egiteko esleipen-pleguetatik parekidetasun klausula kenduta, eta "onartezin" jo du. "Berdintasunaren kontrako aldaketa horregatik, proposamenaren kontra bozkatu genuen", adierazi du Itziar Murua udal taldearen buruak.

Jarrera hori argudiatzeko Ane Alonsok Emakunderentzat egin duen ikerketa ere ekarri du gogora Muruaren taldeak; izan ere, Alonsoren azterlanaren arabera, eraikuntzaren sektorean emakumeen presentzia %8koa  baino ez da, eta zuzenean obretan egiten diren lanetan, %1era jaisten da kopurua. Horregatik, alderdiak dio "sektorean dagoen erabateko segregazioa arazo ikusezin eta normalizatua" dela.

Gauzak horrela, Zarauzko EH Bilduk eskaera hauxe egin dio udalari: "Benetako parekidetasunaren izenean eta Emakunderen gomendioei jarraiki, ezabatutako klausula berrezartzeko plegu horietan, eta inolako salbuespenik ez egiteko aurrerantzean, Martxoaren 8aren bezperetan, Zarauzko Udala jendartea feminismoari esker egiten ari den bidearen aurkako norantzan kokatuko lukeelako".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide