Eulen-Nuuk Zarauzko txirrindulari taldeak Ipar Euskal Herrian abiatuko du aurtengo denboraldia, ohi bezala, otsaileko lehenengo asteburuan. Lapurdin arituko dira batik bat, nahiz eta biharko lasterketa Landetan amaituko duten. Tarnose udalerrian, zehatzago esateko. Hori bai, irteera puntua Bokalen izango dute eta 117 kilometrokoa izango da txirrindulariek egin beharko duten ibilbidea.
Igandeko lasterketa, aldiz, Kanbon hasi eta amaituko dute. Zehazki, Le circuit de L´essor proba da lehiatuko dutena eta 110 kilometro egingo dituzte orotara.
Asteburuko bi proba horietan parte hartuko duten txirrindularien zerrenda ere eman du Zarauzko taldeak. Honako hamar ordezkari hauek dira deitu dituztenak: Ospital, Vierge, Ajerrista, Aransolo, Intxausti, Albizua, Biben, Eizagirre, Gartzia eta Espartza. Zuzenari lanetan, berriz, David Etxeberria arituko da eta Mikel Usandizaga eta Ion Etxarri izango ditu laguntzaile.