Arraio irrati librea gaztetxe berritik ari da emititzen

Urtzi Urkizu - Berria 2023ko otsailaren 3a

Arraio irratiaren estudioa gaztetxe berrian. (Jabi Gonzalez Toston)

Irratiak baimena eskatu du legezko frekuentzia lortzeko. Aurreko gaztetxean baino baldintza hobeagoetan ari dira irratsaioak egiten. Berria egunkarian atzo argitaratu zuten erreportajea da honakoa.

Iazko uda bukaeran Zarauzko (Gipuzkoa) Arraio irrati libreak eten bat egin behar izan zuen, Putzuzulo gaztetxea eraitsi egin baitzuten. Baina gaztetxe berrira joan ziren handik hilabete gutxira, eta azaroan ekin zieten emanaldiei. Bizkaia kaleko 61. zenbakian dago gaztetxe berria —urtarrilaren 14an ateak irekitzeko eguna izan zuten, baina ez dute oraindik inauguratu, eta ez dira kontzertuekin hasi—. Irratiarentzat aurrerapauso bat izan da gaztetxe berrian aritzea. "Askoz erosoago gaude Putzuzulon baino", esan du Izotz Barriok —Arraion 2007tik ari da, irratia sortu zenetik—. "Saioak egiteko kabina aurrekoa baino hiru aldiz handiagoa da, eta beste gela bat ere badaukagu. Lurra berria da, txukun dago dena".

Horrenbestez, Arraiokoek herritarrak saioak egitera animatu dituzte. "Jendea animatzea falta da, inork gogoa badu etortzeko, etor dadila", esan du Barriok.

Programazioari dagokionez, Arrosa irrati sarearen laguntza nabarmendu du Barriok. "Arrosaren garrantzia sekulakoa da guretzat, eguneko 24 orduak betetzeko. Arrosaren proiektua oso indartsua da".

Erreportaje osoa Berria.eus atarian irakurgai.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide