Iritzia

Gerra zikinaren arduradun gorenak

Xabier Makazaga - Berria 2023ko ots. 1a, 09:45

Xabier Makazaga. (utzitako)

Estatu terrorismoaren ikertzaile Xabier Makazaga zarauztarrak ondorengo iritzia argitaratu zuen atzoko Berria egunkarian.

Gerra zikinaren kanpaina odoltsuena, GAL sigla erabiliz burutua, 1983ko bukaeran abiatu zuten eta, ia berehala, PSOEtik oso gertuko El País egunkaria hainbat berri argitaratzen hasi zen. Gerra zikina frankismoan hasi eta geroztik martxan zegoela oso argi uzten zuten berriak. Aldi berean, hori bai, egunkariak ahal zuen guztia egin zuen gerra zikin haren arduradun gorenak nor ziren argitu ez zedin. Adibidez, GAL sigla erabiliz aldarrikaturiko lehen hilketa gertatu eta egun gutxira argitaratu zuen editorialarekin.

Editorial haren arabera, Espainiako Barne Ministerioko arduradun batek honako hau esan zien: «Erabaki genuen [frantses eta espainiar] poliziek beren artean konpondu behar zutela, eta Argalaren heriotza bezalako gaietan politikariek ez zutela parte hartu behar, politikariok ez baikara diskretuak, eta badaude Estatu arazo batzuk kontaezinak izan behar dutenak».

Urte batzuk geroago, erabat frogatu zen hura ez zela batere egia. El País-ek editorial hura atera zuenean, PSOEko goi-arduradun politikoak, Felipe Gonzalez buru zutela, buru-belarri sartuak baitzeuden gerra zikinean. Eta zantzu guztien arabera, beste horrenbeste egin zuten UCDko agintariek, Adolfo Suarez gobernuburu zenean, eta baita frankismoan jardun zutenek ere.

PSOEko agintariak kondenatuak izan ondoren, El País-ek berriro azpimarratu zuen frankismoan hasitako gerra zikinarekin jarraitu besterik ez zutela egin sozialistek. Egunkariko editorialista zen Javier Praderak argi utzi zuen: «ETAren aurkako borroka ilegala frankismoan hasi zen, trantsizioko lehen gobernuekin jarraitu zuen, UCDren garaietan ere bai, eta PSOEren lehen legegintzaldian berragertu zen, betiere lan zikinak egiteko mertzenario-talde bera erabiltzen zuten Estatuko aparatuetako agenteek zuzendua».

Mertzenario haietako bat Jean-Pierre Chérid izan zen, gerra zikinean frankismo garaian parte hartzen hasia. Eta halako lan zikinetan jarraitu zuen, harik eta 1984ko martxoaren 19an Biarritzen manipulatzen ari zen bonba-auto bat lehertu zitzaion arte. Hainbat errefuxiatu erail asmo zuen bonba-auto harekin, eta ekintza GAL sigla erabiliz erreibindikatu.

Chérid hil ondoren, polizia frantsesak haren agenda aurkitu zuen eta bertan hainbat telefono-zenbaki. Haien artean, Espainiako Barne Ministerioko Ekintza Berezien Kabinetekoa zen Manuel Pastrana guardia zibilarena eta Mario Ricci neofaxista italiarrarena.

Riccik eta Chéridek, beste ultraeskuindar askorekin batera, bi militante karlista hil zituzten Lizarran, Montejurran, 1976ko maiatzaren 9an. Eta frogatua dago ultraeskuindar haietako asko mertzenario gisa ibili zirela espainiar zerbitzu sekretuen agindupean. Bai lehenago, bai ondoren.

Ukaezina da, halaber, nor izan zen aginduak ematen zituen zerbitzu horietako agentea. Jean-Pierre Chériden agendan bere telefonoa ere bazegoen. Pedro el Marino ezizenez ezaguna zen Armadako ofizial bat: Juan Manuel Rivera Urruti, zeina 1969an Indar Armatuetako Estatu Gorenera destinatu zuten, eta kabinete berezi batean hasi zen lanean. Antonio Cubilloren MPAIAC infiltratzen ere jardun zuen eta, bereziki, mertzenarioen komandoak antolatzen gerra zikinerako.

Horren froga garbia da Guardia Zibilak 1979an egin zuen txosten esanguratsu bat. Bertan, oso zehazki azaltzen baitzen Rivera Urrutik izandako parte hartze zuzena Guardia Zibilak bertan behera utz zezan martxan zuen ikerketa garrantzitsua. Madrilgo etxebizitza batean ziren Chérid eta beste mertzenario batzuek zituen jomugan Guardia Zibilaren ikerketa hark eta txostenak argi eta garbi zioen, Riverak emandako aginduari men eginez, bertan behera utzi behar izan zutela.

Artikulua osorik irakur daiteke Berria.eus atarian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide