Pandemiak eragindako bi urteko etena atzean utzi, kirolak ere normaltasun bideari ekin dio eta Zarauzko Udalak herriko kirolarien jarduna aitortzeko eta balioa emateko Kirol Sariak berreskuratu ditu. Leire Arana Kirol zinegotziak ekitaldi hasieran egin zuen hitzartzean aipatu bezala, herrian dagoen kiroltasunaren "hariak" aurrera segi dezan.
Arantza Aldalur aritu zen aurkezle lanetan, eta udaleko alderdi guztietako ordezkariak aritu ziren txandaka irabazleei sariak banatzen; sarituak banan-banan igo ziren oholtza gainera, aurretik bakoitzaren ikus-entzunezko bana jarri zuten haien nondik norakoen berri emanez. Karmele Ezenarro izan zen oroigarria jasotzen lehena; irristaketan lortutako garaipenengatik eman zioten emakumezko kirolari onenaren saria. Hala ere, ez zuen aukera galdu nahi izan "Aupa Zarautz eta aupa Zarauzko Emakume Korrikalariak!" oihukatzeko.
Ezustea Erik Balentziagak eman zuen, bere izena aipatu eta saria jasotzera Modeloko agertokira igo zenean. Hasiera batean, ez zen bertaratzekoa eta haren izenean gurasoek hartu behar zuten oroigarria. Baina Toulouseko jokalariari entrenatzaileak libre utzi omen die asteburua, eta hiru orduko bidaia eginda, ozta-ozta iritsi zen ekitaldira. Beretzat izan zen gizonezko onenarena saria.
Talde onenen alorrean, berriz, ZKE saskibaloiko emakumezko seniorrak eta ZKE futboleko mutik jubenilak sarituko zituzten. Biek ala biek maila igotzea lortu zuten aurreko denboraldian, eta talde giroan igo ziren aitortza jasotzera. Entrenatzaile onenaren saria, berriz, Zarauztarra Txirrindulari Elkarteko Denis Sanchezentzat izan zen. Txirrindulari izana, egun taldeko gazteak trebatzen dabil borondate osoz, eta harro jaso zuen merezitako oroigarria.
Hurrengo lau aipamenak kirol ibilbidearekin eta bioluntariotzarekin loturikoak izaki, momenturik txalotuenak utzi zituzten. Kirol Bizi saria Antonio Gonzalez Txabarrik jaso zuen, bizitza osoa ZKE Eskubaloiari lotuta eman duen pertsona izan delako, nahiz eta bere esanetan, "nik bezala jende askok merezi du sari hau". Kirol babesletza onenaren saria Asti Pinturak negozioari eman zioten, plaieroetan urteak daramalako taldea ateratzen, baina baita Zarautz Arraun Elkartea babestu duelako ere.
Kirol ibilbidearen aitortza Luis Garcia atleta beteranoari egin zioten, zeinak erabat hunkituta eta bihotz-bihotzez eskertu zuen beretaz oroitzea. Zarautzen jokatu zen lehen maratoi hartan, Mamo Wolde eta Abebe Bikila aritu zirenekoan, 9. postuan amaitu zuen. Horrez gain, distantzia ertaineko lasterketetan eta krosean makina bat garaipen lortu zituen gazte garaian.
Aipamen bereziena bukaerarako utzi zuten. Iaz zendu zen Zarauztarra Txirrindulari Elkarteko kide Juan Jose Berazierto izan zuten gogoan, eta herriko txirrindularitzari eman zion guztia eskertze aldera, haren semeek eta bilobek lore sorta bat jaso zuten Kirol zinegotziaren eskutik. Ondoren, usadio berreskuratzeko, saritu guztiekin familia argazkia atera zuten.