Ikerketan parte hartu duten gehienek bikotekidea dute, eta ez duten gehienek izatea nahi dute etorkizunean. Zergatik?
Dirudienez, geure burua errealizatuta sentitzeko edo bizitza konpletoa izateko, bikote harremanaren eredua gailendu da beste guztiaren gainetik. Bizitzan baloratuta sentitzeko modu gorena eta bakarra da kasu askotan.
Laranja erdiaren ideiak eragina du oraindik.
Bai. Adinean aurrera goazen heinean, norberaren arrakasta neurtzerakoan, lanari eta beste gauza batzuei lotutakoekin batera, ohiko galdera izan ohi da: "Ba al daukazu bikotekiderik?". Erantzuna ezezkoa baldin bada, badago bizitza honetan lortu ez duzun zerbait, eta horrek badirudi zoriontasuna lortzea galarazten dizula. Badirudi porrota dela bikotekiderik ez izatea eta ezinezkoa dela autoerrealizatuta sentitzea bikotekiderik gabe.
Horrek ez du zertan horrela izan, ezta?
Noski ezetz. Bakoitzak bere moduak dauzka, eta ez dago modu bakar bat mundu guztiarentzat. Dakigun gauza bakarrenetakoa da anitzak garela. Hori kontuan hartzen ez duten eredu guztiak porrotera bideratuta daude, eta frustrazio handia eragiten dute.
Frustrazioa nabari al duzu gailentzen den eredu hori betetzen ez duen jendearengan?
Bai. Guztiok betetzea ezinezkoa den araua da gizartean nagusi dena. Demagun bikotekidea duzula, baina harreman guztietan egoten dira gorabeherak, urruntzeak, gerturatzeak... Zoriontsu izateko bikotekidea behar duzula sentitzen baduzu, eta ez bazara zoriontsu... Hori askotan gertatzen da, eta horrek sekulako frustrazioak eragiten ditu.
Ororen gainetik kokatzen den maitasun goren bat dagoela erakusten dute datuek: bikote heterosexual batean ematen dena eta familia nuklear bat osatzera bideratuta dagoena.
Bai. Sinesmen hori gaur egun kolorez eta formaz aldatzen ari da, jada ez da hain zurruna, baina oraindik ere oso-oso barruan daukagu. Gidoiak inposatzen dira mundu guztian, eta gidoi horiek jarraitzen baldin baditugu, bizitzan ondo joango zaigula sinetsarazten digute. Eta eredu horrek ekar dezake zoriontasuna; ez dute zertan kontrajarriak izan. Gidoi hori jarraitzen baduzu, izan zaitezke zoriontsu, baina ez gidoia hori delako, baizik eta zure nahietara, beharretara eta baldintzetara egokitzen delako. Baina denontzat ez du balio. Denontzako ezerk ez du balio.
Arau horrek nola eragiten die gidoia jarraitzen ez dutenei; harreman homosexualei, bisexualei, irekiei...?
Korrontearen aurka ibiltzeak kostu bat dauka. Kanpo begiradak garrantzitsuak dira denontzat; nor garen konturatzen laguntzen digute. Besteak behar ditugu gu izateko. Zutaz zerbait espero bada eta zuk hori betetzen ez baduzu, kanpo begiradan nabarituko duzu une oro. Korrontearen aurka ibiltze horrek energia eta esfortzu gastu oso handia eragiten du, eta horrela, zaila bilakatzen da norbera bere buruarekin lasai eta indartsu sentitzea. Orduan, normalean zer egiten du jendeak? Zure modu hori behin eta berriz kuestionatzen ez duen ingurua aurkitzen saiatu. Izan ere, kuestionamendua epaia da, eta oso nekagarria da horri aurre egitea.
Homosexualek, bisexualek eta beren burua genero ez binarioaren barruan kokatzen dutenek heterosexualek baino nota baxuagoarekin baloratzen dute beren zoriontasun maila. Zergatik?
Lotura zuzena dauka lehen esandakoarekin. Onarpena eta errekonozimendua denok behar ditugu. Behar dugu begirada adeitsua kanpotik, eta begirada adeitsuak aurkitzea zaila denean, zure barruko osasun integrala egonkor edukitzea ere zaila bilakatzen da. Arauz kanpo dauden kolektiboak dira terapeutizatuenak; izan ere, lanketa pertsonalak garrantzi handiagoa du kanpoko begirada hori ez denean adeitsua. Errekonozimendua oso-oso beharrezkoa da.
Erraz esan ohi du jendeak: "Niri ez dit inporta besteek zer esaten duten".
Noski inporta duela. Pertsonak harremanetan eraikitzen gara; harremanak behar ditugu gu zein garen jakiteko. Harreman horiek eraikitzeko garaian zailtasunak aurkitzen baditugu edo etengabe egiten ari zarena ondo ez dagoela esaten badizute, oso zaila da zoriontsu sentitzea.
Sexu bereko pertsonen arteko harremanekiko gero eta jarrera irekiagoa du gizarteak, baina oraindik ez da normaltasun osoz hartzen gaia.
Orain trantsizio egoera batean gaude, eta trantsizio guztietan polarizazioak gertatzen dira. Oraindik jarraitzen dugu eredu batzuk normaltzat hartzen, eta beste batzuk salbuespen gisa. Eredu horiek salbuespenak izateari uzten diotenean aldatuko da egoera. Anitzak gara, eta gizarteak aniztasun hori aitortzen duenean, askoz askeago biziko gara.
Emakumeen eta gizonen artean, alde nabarmenak daude zenbait erantzunetan: Interneteko harremanetarako webgune batean izena ez emateko arrazoien artean, emakumeek gehiago adierazten dute lotsa eragiten diela; webgune horietan sexua bilatzen dutela dioten gehienak gizonak dira; pornografia ere gizonek gehiago kontsumitzen dute; sexua izateagatik ordaindu duten gehienak gizonak dira...
Bilatua izatearen eta bilatzearen arteko harremanaren ondorio da hori. Gizonezkoei bilatzearen rola eman zaie historikoki, eta emakumeei bilatuak izatearena. Orduan, emakume bat bilatua sentitzen ez bada, eta bera bilatzen hasten bada... Horrek gure identitatean daukan konnotazioa potentea da. Norberak bere buruari bilaketa horretan aktibo izateko baimena ematea kostatu egiten da. Eta ez daukagu zain egon beharrik norbait gugana etortzeko.
Horrek ez dauka beharrarekin zerikusirik; izan ere, sexuari eta masturbazioari buruz galdetuta, antzeko erantzunak eman dituzte gizonek eta emakumeek.
Enkontru erotikoak izateko gogoa edo nahia antzerakoak dira gizonetan eta emakumeetan, baina moduetan ezberdintasun handiak daude. Maiztasunari zenbateko garrantzia ematen zaion, kalitateari...Ñabardura pila bat daude horri lotuta. Nola oso garrantzitsua da. Askotan, moduak ez direlako partekatuak gertatzen dira talkak, eta batzuetan ez dugulako hartzen bestearen modua legitimotzat.
Zein izan ohi dira bikote harremanetan talkarik ohikoenak?
Arrazoia izatearen kontuak pisu handia dauka. Askotan trabatzen gara ea bikoteko zeinek daukan arrazoia erabakitzerakoan: zein den modu ona, zein txarra, nola bai eta nola ez... Hori kudeatzerakoan dauzkagu zailtasunak, edozein arlotan: elkarbizitzan, enkontru erotikoetan, heziketan, aisialdian... Ezberdintasunak kudeatzen asmatzea da gakoa, talkak beti egongo baitira harremanetan. Normalean, gatazkei irtenbideak ematen saiatzen gara, eta sarritan, irtenbideak bilakatzen dira arazo. Askotan nahiago dugu arrazoia eduki, irtenbide duin bat aurkitu baino.