Amaitu Adur Amatriainen bidea Munduko Surf Txapelketa Juniorrean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urtarrilaren 13a

Adur Amatriainek Abanca Pantin txapelketa irabazi zuenekoa.

Final zortzirenetan kanporatu dute surflari zarauztarra Kalifornian jokatutako txapelketan.

Kalifornian da egunotan Adur Amatriain surflari zarauztarra; izan ere, bertan jokatzen ari den WSL Junior Championships, Surfeko Munduko Junior Txapelketan aritu da. Tamalez, ezin izan du aurrera egin final zortzirenetara iritsi ondoren.

Aurkari gogorra egokitu zaio zarauztarrari kanporaketan, eta ez dio aurrera egiteko zirrikiturik txikiena ere utzi. Jackson Bunch hawaiiarraren kontra aritu da eta lan txukuna egin duen arren (12.04 puntu eman dizkiote epaileek bi olatu onenak batuta), ez da aski izan Bunchek bildutako 16.77 puntuak gainditzeko.

Asteazkeneko saioa izan zen txukunena zarauztarrarentzat, bikain aritu zen taula gainean eta 8 puntu eman zizkioten epaileek haren azken olatuari. Hala, 15.33 punturekin itxi zuen txanda. Gainera, astearteko lehenengo kanporaketan gertu izan zuen hirugarrenera sailkatzea, baina ihes egin zion azken unean eta bigarren sailkatu zen txandan. Hori dela eta aurrez aipaturiko hil ala biziko bigarren kanporaketa jokatu behar izan zuen asteazkenean  eta ez zuen hutsik egin, esan bezala.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide