Dagoeneko bidali daitezke Zarauzko Udalaren Martxoak 8ko kartel lehiaketarako proposamenak. Berdintasun sailak atzo zabaldu zuen lanak aurkezteko epea eta berdintasuna@zarautz.eus helbidera igorri beharko dituzte parte hartzaileek urtarrilaren 20ko 12:00k baino lehen.
Oinarrietan azaldu dutenez, 18 urtetik gorako pertsona orok hartu dezake parte taldean edo bakarka. Nolanahi ere, egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du, eta originala eta argitaragabea izango beharko du. Gainera, epaimahaiko kideek eta udaleko langileek ezin izango dute parte hartu.
Kartelean jaso beharrekoaz zehaztu duten bakarra da "2023ko martxoaren 8a – Emakumeen Nazioarteko Eguna" mezua izan beharko duela. Hortik aurrera, askatasuna izango du artistak gaiari nahi duen ikuspuntutik heltzeko eta bururatzen zaion leloa sartzeko. Esan gabe doa Emakumeen Nazioarteko Egunarekin izan beharko duela zerikusia.
Horrez gain, kontuan hartuko da lanaren erreprodukzioak zailtasunik ez ematea eta lau tinta baino gehiago behar ez izatea. Halaber, urre eta zilar koloreak ez dituzte onartuko, ezta fluoreszenteak ere.
Aurkeztutako lan guztien artean bi izango dira sarituko dituztenak. Irabazlea Glora Vazquez Berdintasun zinegotzia buru izango duen epaimahaiak erabakiko du eta 400 euro irabaziko ditu. Horrez gain, egitarauaren eskuorria diseinatzeko ardura emango diote. Hori bai, aurrez egin duen karteleko diseinu bera erabili beharko du.
Bigarren saritua, berriz, herritarrek hautatuko dute bozketa ireki bidez eta 200 euro irabaziko ditu. Facebook sare sozialean egingo dute bozketa ireki hori eta Martxoaren 8ko XV. Kartel lehiaketa izeneko albuma sortuko dute horretarako. Bertan Atsegin dut gehien jasotzen dituen kartelak irabaziko du.