Ondo pasatzea izaten da Getariako Pala Txapelketa Mistoaren helburua, eta larunbatean, eguraldi txarrari aurre eginez, horixe egin zuten seigarren edizioko parte hartzaileek. Eguraldiagatik herriko frontoitik Sahatsaga kiroldegira lekualdatu zuten txapelketa, eta 11:00etan hasi zen lehen partida.
Hamabost bikotek emana zuten izena, baina hamalau agertu ziren. Bikote kopurua kontuan hartuta, hamabi tantotara izan ziren partidak, baina amaitzerako 15:30ak jo zizkieten. Txapela Aitor Andonegi getariarrak eta Karmele Martinez zarauztarrak irabazi zuten, finala Leire Mendizabal eta Mikel Mendizabal zumaiarren kontra jokatuta.
Sariak banatu, eta parrilladaz gozatu zuten lehiaketako partaideek eta bertaratu ziren ikusleek.