"Urte berriarekin, berriekin gatoz gu ere. Hilabete luzeetako lanaren ondoren, larunbat honetan irekiko ditugu Zarauzko gaztetxe berriko ateak". Horrelaxe iragarri berri dute duela minutu gutxi sare sozialetan gaztetxe berriaren irekiera eguna, eta horren harira antolatu duten egitaraua.
Abuztuan hasi ziren garabiekin Putzuzulo Amets Fabrika eraisten, eta berehalakoan birrindu zuten guztia. Hamasei urtez gaztetxea izan zenaren tokia etxebizitzak altxako dituzte orain, baina gazteei beste alternatiba bat bilatu zieten Bizkaia kaleko 61. zenbakiko eraikinean, eta pixkanaka-pixkanaka, azken hilabeteetan, auzolanean aritu dira atontzen gaztetxe berria, baita Arraio Irratia bera ere.
Orain, urtarrilaren 14an, larunbatarekin, inauguratu egingo dute. 12:30ean, aurkezpena egingo dute eta 14:00etan brindisa eta bazkaria; bazkaltzeko tokia sare sozialen bidez hartu behar da. Bazkalostean, Aitor Martinez musikariak kontzertua eskainiko du, eta 17:30 aldera poteoa egingo dute herrian barna.