Lau eguneko atzerapenarekin bada ere, abiatu dute plaieroetako kamiseta izango denaren diseinua erabakitzen lagunduko duen bozketa irekia. 25 proposamen aurkeztu dituzte guztira eta bakarrari eman ahalko diote botoa online bozketan parte hartzen dutenek. Urtarrilaren 10eko gauerdian itxiko dute bozketa eta lau diseinu bozkatuenak hurrengo fasera igaroko dira.
Bigarren eta azken fase horretan bozketa itxia egingo dute eta antolatzaileak izango dira diseinu irabazlea hautatuko dutenak. Antolaketa taldea osatzen duten hogei lagunek hartuko dute parte bigarren bozketa erabakigarri horretan eta hilaren 15ean jakinaraziko dute azken ebazpena. Zentzu horretan, aldaketarik ez da izan eta hasieran iragarri zuten datari eutsi diote, nahiz eta lehen bozketa egun batzuk atzeratuta tarte txikiagoa izango duten antolatzaileek.
Lehiaketa aurkezterakoan azaldu zutenez, plaieroen irudia hondartzatik atera eta herri osoan zabaltzeko baliatu nahi dute kamiseta, hori dela eta elastikoaren erabilera ez da aurtengo denboraldira soilik mugatuko. Diseinu irabazlearen sortzaileak 150 euroko saria jasoko du.