Bilboko manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte

Aitziber Arzallus 2023ko urtarrilaren 3a

Bilbon presoen alde egindako manifestazio bateko irudia.

Etxera bidea gertu lelopean, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa deitu du Sarek larunbaterako Bilbon. Ahalik eta jende gehien bertaratu dadin joan-etorri bidaiak antolatu dituzte eskualdeko herrietan, tartean Zarautzen.

Sarek deituta, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa izango da larunbatean, hilaren 7an, Bilbon. Etxera bidea gertu lelopean egingo duten mobilizazioa 17:00etan hasiko da, Autonomia kaletik, eta ahalik eta jende gehienak parte hartzea da Sareren helburua, Bilboko kaleak "bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen aldeko mezuz" betetzea. Horretarako, autobusak antolatu dituzte herriz herri eta interesdunek aurrez eman beharko dute izena.

Zarautzen, Eguzki eta Arrano tabernetan eman daiteke izena, eta bi aukera eskaini dituzte: bata, egun osokoa, irteera ordua 11:00etan duena eta 23:00etan itzulerakoa; eta bestea, 15:00etan abiatu eta manifestazioa amaitutakoan itzultzekoa. Eguzki paretik abiatuko dira autobusak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide