977.000 bisita izan ditu Zarauzko Hitzak 2022an, aurreko urtean baino ia ehuneko hogei gehiago

Erredakzioa 2023ko urt. 3a, 09:30

Zarauzkohitza.eus webgunea sakelako telefonoan eta ordenagailuan.

2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 977.844 bisita izan zituen Zarauzkohitza.eus-ek, Google Analyticsek emandako datuen arabera. Egunean, batez beste, hamabi albiste argitaratu ditu Zarauzko Hitzak webgunean, eta atari digitalak 2.679 bisita izan ditu egunero. Bisita gehienak eskuko telefonoetatik egin dituzte erabiltzaileek.

2022. urteak askotariko albisteak utzi ditu herrian; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Zarauzkohitza.eus-ek joan berri den urtean ere. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Zarauzko Hitzak 2022an ere, eta hainbat izan dira Komunitatearen bidez ekarpenak egin dituzten herritarrak eta eragileek ere. Guztira, 4.307 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, hamabi albiste egunean batez beste, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten herritarrak –hona hemen iazko hamar albiste irakurrienen zerrenda–.

2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean ia milioi bat bisita izan ditu Zarauzkohitza.eus-ek: zehazki, 977.844 bisita. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Urtez urte hazten jarraitzen du Zarauzko Hitzaren webguneko bisiten kopuruak, eta iazkoa ere ez da salbuespena izan; izan ere, 2021ean baino 185.071 bisita gehiago izan ditu Zarauzkohitza.eus-ek urtebeteko epean. %18,5 hazi dira bisitak, beraz, urtebetean.

Datu hori kontuan izanik, egunean, batez beste, 2.679 bisita izan ditu webguneak. Bestalde, aipatzekoa da irakurleek webgunean zabaldutako orri kopurua ere: 2022an, orotara, 2.160.313 orri ireki zituzten horiek, eta egunean, batez beste, 5.918 orri. Gainera, erabiltzaile bakoitzak, batez beste, bi minutu igaro zituen Zarauzkohitza.eus-era egindako bisita bakoitzean.

Azken urteetako joera berretsi egin da 2022an ere: Interneteko edukiak eskuko telefonotik irakurtzeko ohitura areagotu egin da beste urte batez. Hala, erabiltzaileen %74,9k eskuko telefonoa erabili dute webgune hau irakurtzeko. Ordenagailutik bisitarien %23,1 sartu dira webgunera, eta tabletetatik, berriz, %1,9.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak izugarriak izan dira 2022an. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Uztarria, Maxixatzen, Baleike, Karkara, Zarauzko Hitza eta Urola Kostako Hitza– 9.174.112 bisita izan zituzten iaz, 2021ean baino 518.784 bisita gehiago.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide