Tentazioa ekoizpen etxeak Ez naiz inoiz Dublinen egon antzezlana estreinatuko du ostiral honetan, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta aktore taldean parte hartuko dutenen artean Iñigo Azpitarte zarauztarra ariko da. Era berean, ekoizpeneko musika berak sortu du.
Markos Goikoleak idatzitako lehen obra luzea da honakoa, eta Mireia Gabilondo arduratu da zuzendaritzaz. Azpitarterekin batera, Aitziber Garmendia, Iñigo Aranburu eta Gabilondo bera igoko dira oholtza gainera, besteen bizipenak eta errealitatea onartzearen inguruko komedia garratz hau antzeztera.
Amesti familia Eguberri gaua ospatzeko elkartu da, eta Elena alaba gaztea (Aitziber Garmendia) Londrestik dator, Cindy neskalagun irlandarrarekin. Denak daude bera ezagutzeko desiratzen, baina familia hankaz gora jarriko du Elenak, bere bikotea ikusezina dela esaten duenean. Lagun berria onartu ala ez erabaki beharko dute familiako gainerako kideek. Martin seme nagusiaren azalean sartuko da Azpitarte, eta Gabilondo eta Aranburu gurasoak izango dira.
Urtarrialren 6an eta 7an euskaraz eskainiko dute antzezlana, eta urtarrilaren 8an, berriz gaztelaniaz. Datorren astearen hasieran, bien bitartean, Bilboko Arriaga antzokian izango da ikusgai.