Mitsuko Uchidak urtarrilaren 13an Kursaalen eskainiko duen piano kontzertura doako autobusean joateko aukera izango dute zarauztarrek. Horretarako, hilaren 9a baino lehen erreserbatu beharko dute eserlekua interesdunek eta beharrezkoa izango da aurrez sarrera erostea Kursaaleko webgunean. Autobuserako erreserba, berriz, udaleko kultura departamentuko helbide elektronikora idatzita (kultura@zarautz.eus) edo 943-00 51 20 telefonora deituta egin daiteke.
Emanaldian, piano jotzaile japoniarrak Mahler Chamber Orchestra izango du lagun Kursaaleko oholtza gainean eta honakoa izango da joko duten errepertorioa: Mozarten pianorako 25. kontzertua, Schoenbergen 1. Ganbera Sinfonia eta Mozarten pianorako 27. kontzertua. 20:00etan hasiko da kontzertua eta doako autobusa 19:00etan abiatuko da Zarauztik, Batzoki aurreko geltokitik.
Zerbitzua antolatu duen Kursaalak zehaztu du, dena den, eskaintza bertan behera utziko duela 15 pertsonako talde osatzen ez bada, gutxienez. Horrez gain, jakinarazi du langabetuek eta 30 urtetik beherako gazteek sarrerak hiru euroan eskuratu ahal izango dituztela, autobusarekin bezalaxe, erreserba eginda. Emanaldiaren egunean bertan jasoko lukete sarrera Kursaaleko leihatilan eta libre geratu diren eserlekuen araberakoa izango da kokapena. Autobusa bertan behera geratuz gero, dirua itzuliko liekete azken hauei.