Urteari hankei eraginez emango diete amaiera zenbait zarauztarrek. Izan ere, urtero legez, San Silbestre lasterketa izango da urtearen azken eguneko arratsaldean. Orain arte Helmuga kirol dendan izan dute dortsala eskuragai herritarrek, baina bihar bertan ere erosi ahal izango dute, 7 euroan.
Gaztetxoak izango dira abiatuko diren lehenengoak, 17:00etan Musika plazatik, eta itzuli txiki bat egin beharko dute herrigunean zehar. Ondoren, helduek ekingo diote, 18:00etan. Bira luzexeagoa eman beharko dute horiek; izan ere, 3,8 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute.
Sariei dagokienez, hiru emakumezko eta hiru gizonezko azkarrenentzat izango dira, eta mozorro onena daramanak ere jasoko du berea. Horrez gain, Gabonetako hogei lote banatuko dira zozeketa bidez. Dortsaleko zenbakiak dira zozkatuko ditzutenak.