Astiko udal kirol instalazioak zabaltzeko proiektua lantzen ari da Zarauzko Udala, eta horretarako Asti kirol-gunearen inguruko lurrak erosteko kudeaketa lanetan dihardu azken urteotan. Hala, atzo goizean sinatu zuten Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak azken honek Sakoneta baserriaren inguruan zeuzkan hiru lursail saltzeko akordioa. Udaletik jakinarazi dutenez, hiru urte iraun ditu akordioa lortzeko prozesuak eta, salerosketa horren bitartez, udalak 1.871 metro koadroko lursailaren jabetza lortu du, 65.541,13 euroko inbertsioa eginez. “Gure herrian kirola sustatzen jarraitzeko, beharrezkotzat jotzen dugu Astiko udal kirol instalakuntzak zabaltzea”, adierazi du Xabier Txurruka alkateak ohar bidez. “Azken urte hauetan Asti inguruko lurren gestioa lantzen jardun gara, datozen urteetan zabalkuntza hau errealitate bihurtuko duen proiektua ahalbidetzeko”.
Gipuzkoako Foru Aldundiari erosi dizkion lursailak kontuan hartuta, Zarauzko Udalak Asti kirol-gunearen inguruko 16 lur-jaberekin adostasuna lortu du, etorkizunean Astiko udal kirol-instalazioak zabaltzeko lurrak erosi ahal izateko.