2023ko lehen seihilekorako kultur programa aurkeztu du udalak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko abenduaren 29a

Xabier Txurruka alkatea eta Irune Urbieta kultura batzordeburua. (Zarauzko Udala)

Kultur eskaintza zabala izango da: erakusketak, haur eta helduentzako antzezlanak, kontzertuak, dantza emanaldiak eta literatura solasaldiak, besteak beste.

Zarauzko Udalak 2023ko lehen seihilekorako kultur programa aurkeztu du, eta 42 ekitaldi antolatu dituzte, kultur diziplina desberdinak oinarri hartuta eta "publiko guztiengan pentsatuta". Hala, Irune Urbieta kultura batzordeburuak azpimarratu du bertako ekoizpenari eta sorkuntzari "arreta berezia" jarri diotela, "kultur sektore indartsu baten aldeko apustua eginez”. Ekaina bitarteko ekitaldien sarrerak bihar, ostiralean, 19:00etan, jarriko dituzte salgai Modeloko leihatilan eta Kutxabanken online plataforman. Nahi dutenek, kultur eskaintzaren esku-orriak ere eskuragarri izango dituzte udal eraikinetan.

Eskaintza zabala

Egitarauari dagokionez, helduei zuzendutako lau antzezlan izango dira datozen hilabeteetan: Otsailaren 10ean, Familia Sarekada (Vaiven Producciones); martxoaren 10ean, Las que limpian (A Panadaria); martxoaren 31n, Zeozertan dabil baina ez dakit zertan (Metrokoadroka Kolektiboa), eta ekainaren 9an, Sagastitarrak (Txalo Produkzioak). Horrez gain, bertsolaritza, musika eta ikus-entzunezkoa uztartuko dituen Anonyme Popular ere eskainiko dute, otsailaren 3an, Igor Elortza bertsolariaren eta Rafa Rueda musikariaren eskutik. Bestalde, bertsolaritzaren inguruan, Miren Etxabe zarauztarraren inguruko hitzaldia eta bertso saioa izango dira, martxoaren 3an.

Familia osoari zuzendutako 5 antzezlan ere antolatu dituzte: Urtarrilaren 22an, Emozio festa! (Ene Kantak), baina sarrerak agortuta daude; otsailak 26an, Arrainak bihotzean (Mar-mar Teatroa); martxoak 26an, Bizitzaren zuhaitza (Aboon Teatre); apirilak 30ean, Chatungla (Teatro Silfo), eta ekainak 4an, Munduari itzulia 80 egunetan (Glu-Glu Produkzioak).

Musika emanaldiak, berriz, Ruper Ordorikaren kontzertuarekin abiatuko dituzte urtarrilaren 13an, eta apirilaren 28an, Ithaka taldea eta Aiako Esti Markez igoko dira Modeloko oholtzara. Horrez gain, Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira, apirilaren 21ean, Andres Marin flamenko dantzariak eta Jon Maya euskal dantzariak elkarrekin sortu duten Yarin ikuskizuna izango da; maiatzaren 12an, berriz, Kimua Dantza Kolektiboaren genErorAntz eskainiko dute. 

Arte plastikoei dagokionez, guztira 8 erakusketa antolatu dituzte 2023ko lehen seihilekorako, lau Sanz Enean eta lau Torre Luzean. Gainera, literatura arloan, euskarazko zein gaztelerazko liburuen gaineko tertuliek jarraipena izango dute, baita Miriam Mendozaren irakurketa txokoak ere.


Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide