Bilboko hilketa matxista salatzeko protestak egingo dituzte bihar eta etzi

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abenduaren 28a

Urola Kostako Itaiak mobilizazioa deitu du bihar arratsalderako eta Zarauzko Bilgune Feministak eta Morroxkak taldeak ostiralerako. Lege Zaharren enparantzan izango dira biak.

Hainbat hedabidek jakitera eman dutenez, 44 urteko gizonezko batek 45 urteko emakume bat hil du Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean. Ustezko hiltzailea bera izan da udaltzainei 09:00etan abisua eman duena, eta atxilotu egin dute. Antza denez biak ziren tabernako arduradunak, baina hortik harago zein harreman zuten ez du zehaztu Ertzaintzak. Hainbat albiste agentziaren arabera, ordea, senar-emazteak ziren.

Dena dela ere, gertaera salatzeko protesta deialdi ugari egin dituzte Euskal Herri osoan, tartean Zarautzen. Urola Kostako Itaiak mobilizazioa deitu du bihar 18:30ean Lege Zaharren enparantzan, eta Zarauzko Bilgune Feministak eta Morroxkak taldeak elkarretaratzea etzirako 19:00etan. Lege Zaharren enparantzan bilduko dira hauek ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide