Zarauzko industrialdeen diagnosia egin du UKUEk genero-ikuspegia oinarri hartuta

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abenduaren 27a

Abendaño, Errotaberri eta Urtieta industrialdeak dira Denontzako industriaguneak ekimenaren barruan aztertu dituztenak, eta herritarrak zein eragileak elkarrizketatu dituzte horretarako. Helburua da aipatu industrialdeetako langileen segurtasuna bermatzeko ekintzak eta neurri zuzentzaileak proposatu eta lantzea.

Urolako Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Denontzako Industriaguneak ekimena abiatu zuen uda ostean emakumeak industriara erakartzeko helburuarekin. Hori hala izan dadin, eskualdeko industrialdeetako langileen segurtasuna bermatzea ezinbesteko jo dute, eta, horretarako, genero ikuspegitik dituzten gabeziak identifikatzeari ekin diote ondoren neurri zuzentzaileak proposatu eta landu ahal izateko.

Lanketa hori egiteko, proiektu pilotua abiatu dute Zarautzen, zeinaren bidez Abendaño, Errotaberri eta Urteta industrialdeetko diagnosia egin duten  herritarren eta eragileen parte hartzearekin. Gauzak horrela, galdetegi orokorrak egin dizkiete herritarrei, berariazko elkarrizketak eta baita aurrez-aurreko bi partaidetza saio ere industria-guneetako erabiltzaileekin zein udal teknikari eta langileekin. UKUEk adierazi duenez harrera ezin hobea izan duten jarduerak izan dira.

Era berean, zehaztu dute lau lan lerroren inguruan egin dutela gogoeta: erasoak ekiditea, trafikoaren arriskuekiko babes baxuko guneak identifikatzea, irisgarritasuna areagotzea eta garraio publikoaren erabilera indartzea. Horiek oinarri hartuta, prozesuan zehar herritar zein industrialdeetako erabiltzaileengandik jasotako ekarpenak lehentasun eta garrantziaren arabera sailkatu dituzte eta berriak ere proposatu dituzte, ahalik eta langile gehienentzat onuragarriak direnak lehenetsiz eta genero ikuspegia ardatz hartuta.

Behin egitasmoaren lehen fasea itxita, jasotako ekarpen guztien bideragarritasuna aztertuko dute eta emaitzekin txosten bat osatu udal politikariei aurkezteko. Halaber, herritarren eskura ere jarriko dute webgunean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide