Sistemaren kontraesanak, ageriago

Maite Asensio Lozano - Berria 2022ko abenduaren 28a

Agenda politikoaren lehen lerroa hartu dute aurten klima eta energia krisiek. Jauzi hori eta haren ondorioz azaleratutako debatea ari da aztertzen Berria egunkaria, erreportaje sorta baten bidez. Atzo argitaratu zuena da jarraian irakurri dezakezuena, non Aitziber Sarobe Egiguren Zarauzko ekintzaile ekologistaren iritziak bildu zituzten.

Mugimendu ekologistak eta zientziak hamarkadetan ohartarazitako klima eta energia krisia Europako herritarren begien aurrean mamitu da aurten. COVID-19ak eragindako izurriaren ostean, Ukrainako gerraren ondorioz auzitan jarritako gas hornidurak, lehengai askoren faltak eta argindarraren prezio igoerak agenda politikoaren lehen lerrora ekarri du trantsizio energetikoaren premia, eta udako beroaldiek eta haien ondoriozko lehorteek eta suteek gogora ekarri dute planetaren berotzea errealitate bat dela jada. "Sistema kapitalista neoliberalaren kontraesanak are ageriago" utzi ditu 2022ak, Aitziber Sarobe eta Iñaki Barcena ekintzaile ekologisten iritziz, baina horren inguruko debateetan "zarata gehiegi" dagoela deitoratu dute: "Ekologistoi egozten digute, baina korporazioek eta instituzioek eraiki dute; gu aspalditik ari gara alternatibak planteatzen, eremu guztietan".

Bilbon elkartu ditu BERRIAk Sarobe eta Barcena, amaitzear den urteaz gogoetatzera. Esnatze bat gertatu dela uste du Barcenak: "Bizkortze bat sumatu dugu, bai". EHUren Ekopol ikerketa taldeko koordinatzailea da, eta Ekologistak Martxan taldeko kidea. Bi talaia horietatik eginiko lanak ikuspegi panoramikoa eman dio: "Azken hamarkadetan, aliantza esanguratsu bat gertatu da zientziaren eta ekologismoaren artean, eta balio izan du mahai gainean jartzeko datuak, ebidentziak, analisi kritiko sakonak, hainbat gairen inguruan. Eta hortik berpizte bat etorri da". Hala, ingurumen gaiei buruz gero eta eztabaida gehiago nabari ditu: "Prozesu mantsoa izan da, baina indar hori biderkatu egin da, hainbat auzirengatik: pandemia, Zaldibarko hondamendia...".

Saroberen aburuz, ordea, esnatze hori azken hamar urteetan gertatu da, bere inguruan behintzat. Biologoa eta natur kontserbazionista da, Naturkoneko kidea, eta argi utzi du "Gipuzkoako ikuspegitik" mintzatu dela. Bi mugarri antzeman ditu: "Bat, aldundia Bilduk hartu zuenean, hondakinen atez ateko bilketaren promesarekin; gizarte esnatze bat izan zen, kontsumoaren eraginen bueltan, eta herriz herri sortzen hasi ziren hondakinak gutxitzeko planteamenduak, alternatiba errealak jartzen. Eta bi, basoetako ingurumen krisia. Gure paisaiaren %60 gaixo dago, baina ezin izan dugu gaia gizarteratu harik eta pandemia iritsi eta herritarrak landa eremura paseatzera etorri diren arte". Bi auzi horiek giltzarritzat jo ditu, ekologismo berriak sortu dituztelako: "Lehenengoak, ekologismo natural bat, herritarrena, elkarteetatik kanpo ere konturatu zirelako bere bizimoduak zer ondorio dituen; eta bigarrenak, ekologismo naturalista bat, basoak leheneratzeko talde indartsuak ekarri dituena".

Estereotipo gogorrak

Mugimendu ekologista osasuntsu ikusten dute biek, baina Sarobek uste du "erresistentzia etengabean" dagoela: "Basoak leheneratzeko lan potentea egiten hasten zara... eta halako batean haize errotak datozkizu". Eta hori traba da eztabaida sakonak izateko. "Gainera, badago ekologisten inguruko estereotipazio oso gogor bat: denari ezetz esaten diogula, patxi-kontra garela...". Aspaldiko kontua dela esan du Barcenak: "Askotan esan digute guk elikatzen ditugula NIMBYak [ingelesez, not in my back yard: ez nire etxe atzeko patioan], egoismo lokalistak, eta guk beti diogu azpiegitura batzuk ez ditugula nahi, ez hemen ez inon. Muskizko herritarrak berekoiak al dira ez dutelako nahi Petronor? Ez al dute osasunerako eskubiderik?".

Diskurtso "faltsuak" direla azpimarratu du Sarobek, eta ekologisten gaineko estereotipo horien helburua dela sistemaren beraren kontraesanak ezkutatzea. Gogora ekarri du Euskal Herriaren aztarna ekologikoa bi planeta eta erdikoa dela, baina hori kontuan hartu gabe dihardutela erakunde publikoek: "Behartuta daude gure herriaren eskalaren araberako planeamenduak eta planteamenduak egitera, legeek eta Europak hala diotelako, bakoitzak bere lurraldean baldintza batzuk errespeta ditzan. Baina egiaz darabilten eskala, haien egiturena eta gure bizimoduarena, ez da gure herriaren mailakoa, baizik eta askoz handiagoa".

Abagune horretan, normaltzat jo du ekologistek instituzioen proiektuei aurka egitea: "Ekologiston eta agintean daudenen eskalak ez dira berdinak, baina nor ari da tranpan? Gu zintzoak gara diskurtsoan: esaten ari gara gure eskalara jaisteko kontsumoa murriztu behar dugula, eta sistema bere osotasunean aldatu; aldiz, agintariek diote 'garapen jasangarriaren planteamenduan' gaudela. Kontraesan handia da, eta guri leporatzen digute, baina haiena da: errealitatea jasotzen duten txosten zoragarriak egiten dituzte, eta, gero, politikak horren bizkar gauzatzen dituzte". Eta ez da soilik Euskal Herrian gertatzen: "Europa ere talkan sartu da: trantsizio energetikoari buruzko legedia ez da bateragarria natur kontserbazioari buruzkoarekin".

Erreportajea Berrian irakurri dezakezue osorik lotura honetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide