Nerabezaroko gorputz-aldaketei eta hauek sortutako sentimendu eta zalantzen aurrean, gaia famili barruan naturaltasunez lantzea nahi du Zarauzko Udaleko Berdintasun sailak; izan ere, tabua izaten jarraitzen du etxea askotan. Hori horrela, txiki eta helduen arteko sexualitateari buruzko elkarrizketak sustatu asmoz, Heldu Bilakatzearen Abentura izeneko liburuxka banatu dute Lehen Hezkuntzako LH4 eta 5eko ikasgela guztietan.
Aitziber Estonba sexologoak landu du dokumentua eta bertan jasotako proposamenek gaia ikertzen jarraitzera gonbidatzen dute. Gainera, Irrimarrako Irene Iruretak eta Karmele Gorroñok egindako ilustrazioek are atseginagoa egiten dute. Zentzu horretan, Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak azaldu du irakasleak oso gustura hartu dutela: "oso positibotzat jo dute, eta adierazi digute oso beharrezkoa dela horrelako materialak edukitzea".
Edonola ere, ikastetxetik harago irakurketa etxean egitera animatu ditu guraso eta seme-alabak zinegotziak Gabonetako oporraldia aprobetxatuta: "Espero dugu liburuxka hau Gabonetan familian gozatzea eta era guztietako elkarrizketak eta galderak piztea".