Udalak 2030 Planean jasotakoak partekatu ditu Gasteizen

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abenduaren 26a

Udalsarea 2030eko Batzorde Teknikoan parte hartu zuten ordezkariak. (Zarauzko Udala)

Europa Jauregian egindako Udalsarea 2030 Batzorde Teknikoan hartu du parte eta Zarautzen praktika jasangarriagoak bultzatzeko garatu duen estrategiaren berri eman du bertan.

Zarauzko Udalak 2030 Plan Estrategikoa garatzeko egindako urratsak azaldu zizkien tokian tokiko erakundeei (udalei nahiz udal elkarteei) joan den astean Gasteizko Europa Jauregiak hartu zuen Udalsarea 2030eko Batzorde Teknikoan. Topaketak esperientziak partekatzea zuen xede; izan ere, herri bakoitzean hartutako erabakiak eredugarri izan daitezke besteentzat.

Hala, Zarauzko prozesua aurkezteaz arduratu zen Iker Basurko Proiektu Estrategikoen eta Berrikuntza zinegotzi eta Zarautz 2030 proiektuaren arduraduna gustura azaldu zen ariketarekin, bere esanetan, "hau izango baita gizarte bezala bideratu behar diegun gaiei aurre egiteko bide bakarra".

Ildo beretik, udalak nabarmendu du tokiko ekintza horiek nabarmen hobetzen dutela herritarren bizi-kalitatea eta mugarri izan behar dutela gizartearen jarduteko moduan guztientzat garrantzitsuak diren gai askori eragiten dietelako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide