[INUZENTE EGUNEKO ALBISTEA] Errege Magoak bateletan iritsiko dira aurten

Erredakzioa 2022ko abenduaren 28a

Errege Magoak Lege Zaharren enparantzan. (Aritz Mutiozabal)

Ohiko desfilearen lehen zatia berritzea erabaki dute antolatzaileek, eta erregeak itsasotik iritsiko dira moilara. Gainerako ibilbidea berdina izango da.

Pandemiaren eraginez azken bi urtetan Errege Magoen desfilea ez zen nahi bezala ospatu herrian, eta zarauztarrak nahiko triste geratu ziren. Hori kontuan izanda, aurten zerbait berezia antolatzeko lanketa egin dute, eta ohiko desfilearen lehen zatia berritu egin dute. Hala, estreinakoz, Errege Magoak itsasotik etorriko dira bateletan, eta moilan lehorreratu ondoren, betiko ibilbidea egingo dute zaldiz Bizkaia kaletik, Photomuseumen behealdetik.

Moila Biziberritzeko programaren barruan, Zarautz Arraun Elkarteari bururatu zitzaion ideia eta desfilea antolatzeaz arduratzen den Schola Cantorumi egin zion proposamena. Pandemia aurretik ere izan zuten hartu-emanen bat, baina gaia ezerezean geratu zen orduko hartan. Aurtengo udaberrian heldu diote serio aukerari, eta uda aurretik zehaztu zituzten egitasmoko ildo guztiak.

ZAEko emakumezko zein gizonezko arraunlariak joango dira bateletan paje jantzita, arraun eginez, eta batel bakoitzean errege bana joango da. Era berean, desfilean lagundu ohi duten herriko haurrak zain egongo dira moilan suzko zuziekin, eta Ikurrina dagoen mastan izar distiratsu bat jarriko dute.

Antolatzaileek azaldu dute moilarako sarrera itxita egongo dela oinezkoentzat, eta itxitura bat jarriko dute Aiten Etxe parean. Era berean, N-634 errepidea ere ordubetez itxiko dute tarte horretan; izan ere, itsasoz iritsi eta zaldiz Bizkaia kalerainoko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek.

Desfilea 18:00etan hasiko da, baina etorrera ordu erdi lehenago izango dela aurreikusten dute. Ordu zehatza datorren astean jakinaraziko dute antolatzaileek. Hori bai, ekitaldi berezia Erlo Telebistak emango du streaming bidez.

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide