Osakidetzan bizi duten egoera salatzeko LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuek abiatu duten mobilizazio dinamikaren barruan elkarretaratzeak egin dituzte gaur ospitaleetan zein herriz herriko osasun zentroetan, tartean, Zarauzkoan. Non zentroko osasun langileekin batera Zarauzko Pentsionisten Mugimenduko kideak ere egin duten bat protestarekin. Osasun publikoa demokratizatu ahal izateko mahai sektorialaren "blokeoa gainditu beharra" dagoela azpimarratu dute sindikatuek.
Era berean, ezinbestekotzat jo dute langileen ordezkariekin negoziaziorako urratsak egiten hastea. "Osakidetzako egoera ez da kontu berria. Urte osoa darama zuzendaritzak elkarrizketari uko egiten, konpontzeko dauden arazo larriek bere horretan jarraitzen badute ere: Langileen erdiak behin-behineko kontratua dute; langileriaren erosahalmena %20 baino gehiago jaitsi da hamarkada batean; gehiegizko lan karga arazo sistematikoa bihurtu da; behar baino langile gutxiago daude txanda bakoitzean; Deustuko, Zumarragako nahiz San Martingo Etengabeko Arreta Guneetan [EAG], Santiago Ospitaleko larrialdietan eta Basurtuko bihotzeko kirurgian murrizketek indarrean jarraitzen dute; murrizketa berriak planteatzen ari dira Lehen Mailako Arretan eta lan baldintzetan, eta Garapen Profesionalean murrizketa izugarria egin nahi dute", azaldu dute.
Horrez gain, Sindikatuek adierazi dute urte hasieran nahiz uda ostean "Mahai Sektorialetik alde" egin behar izan zutela "egoera zentzugabe horrekin" bukatu ahal izateko. "Birritan gonbidatu dute sindikatuek Osakidetzako zuzendaritza Lan Harremanen Kontseilura, baina entzungor egin diote. Abenduren 7an, baina, Gotzone Sagardui sailburua buru zutela, bildu ziren zuzendaritzakoak sindikatuekin. Emaitza betiko bera izan zen, tamalez: elkarrizketarako borondate eza eta inposizioaren bidean aurrera". Osakidetzak "bere ibilbide orriarekin" jarraitzen duela salatu dute sindikatuek, "langileen aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe". "Mahai Sektoriala ez du errespetatzen, langile eta herritarren mobilizazioei ez die jaramonik egiten eta orain arte antolatutako lau greba egunei ez ikusiarena egin die".
"Hausnarketaren beharrean"
Osakidetza "hausnarketa" egin beharrean da sindikatuen iritziz: "Argi dago Osakidetzaren gobernu ereduari eta barne demokrazia sustatzeko premia larriari buruzko hausnarketa egin behar dela. Bertikaltasuna eta inposizioa Osakidetzako zuzendaritzan hasten dira, baina EAEko Osasun Zerbitzuaren egitura guztira hedatzen dira. Osakidetzaren demokratizazioak blokeoa gainditzea eta langileen ordezkariekin edukiak izango dituen benetako negoziazioa bultzatzea eskatzen du".
Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako ehun profesional baino gehiagori irekitako prozesu parte hartzailea bultzatuko du, baina sindikatuak ez daude ados moduarekin. "Ez da nahikoa 37.000 langile baino gehiago dituen instituzio batean. Kategoria, lurralde eta estamentu guztiak ordezkatuko dituen lagin oso eta handiagoa behar du prozesu horrek, zilegi izan nahi badu behintzat".
Egoera horren aurrean, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek ezinbestekotzat jo dute langileak eta herritarrak elkartuko dituen mobilizazio dinamikari ekitea, eta horretarako, protestak egin dituzte 13:00etan osasun zentro eta ospitaleen aurrean Osakidetza defenda dezagun. Stop inposizioari lelopean.