HERTZINAK, TA EZER EZ DA BERDIN
Hertzainaken lehen kanta aukeratzen dut gaztetan zalea nintzelako eta asko maite izan dudan taldea delako. Herrian, Markinan, jo zutenean gaztetxoegia nintzen eta urtetan pena izan nuen ez nuelako kontzertua ikusteko aukera aprobetxatu. Beranduago, ordea, arantzatxoa kentzeko aukera izan nuen. Gurasoak animatu nituen eta Donostiako belodromoan izan nuen taldea zuzenean ikusteko aukera.
DOCTOR DESEO, LA CHICA DEL BATZOKI
Lekeitiko lagunekin Antzar Egunean elkartzen naizenean dantzan egiteko falta ez den kanta da. Lagun kuadrilla, jaiak, uda... oroitzapen eder ugari dakarzkit.
COLD PLAY, VIVA LA VIDA
Oraindik zuzenean ikusterik izan ez dudan taldeetako bat da Cold Play eta, aldi berean, ikusteko sekulako gogoa ematen didana. Beti gustatu izan zait asko taldea, U2ren oinordekoa izan zen niretzat, nolabait; izan ere, irlandarrak ere izugarri maite nituen. Gainera, helduagoa egin naizen honetan asko entzun dudan taldea izan da, batez ere, entrenatzen ematen nituen ordu luzeetan. Halaber, abesti honen esanahia edo daraman izenburua, behintzat, asko gustatzen zait: Viva la vida.
BERRI TXARRAK, OREKA
Talde honen hastapenak unibertsitate garaian bizi izan nituen eta bizitzan guztian lagundu dit. Horrez gain, istripua izan ondoren nire orekari eusteko zailtasun horren aurrean izugarri gustatzen zaidan kanta da eta esanahi handia du niretzako. Lurrera erortzen zarenean zutitzera bultzatzen du.
PEIREMANS+, RADIOMARIA
"Egin senak agintzen dizun hori... ekin egiten duenak dauka bakarrik saiatzea sari", horrela dio abestiak, eta horixe da nire gaur eguneko bizi filosofia: ahalegindu eta gaizki ateratzen bada altxatu berriro aurrera egiteko. Hori da ikasi behar dudana, nahiz eta batzuetan zaila izan. Asko gustatzen zaidan eta inspiratzen nauen letra du abestiak.