"Herriari angelu berriak topatzen dizkiot ateratzen naizen ia guztietan"

Aitziber Arzallus 2022ko abenduaren 16a

Unai Alberdiren (Zarautz, 2002) 30 argazkik osatzen dute Torre Luzea aretoan atzo arratsaldetik ikusgai dagoen erakusketa. Urtarrilaren 15era arte egunero egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara, abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean eta 6an izan ezik.

Zure lanak jendearen aurrean erakusten dituzun lehendabiziko aldia al da?

Bakarka egiten dudan lehen aldia bai. Beste bitan parte hartu izan dut Zarauzko Argazkizale Elkarteko kideek egiten duten erakusketa kolektiboan.

Nolatan suertatu zaizu erakusketa hau jartzeko aukera?

Urtero argazkizale elkarteko kideon artean zozketa egiten dugu eta tokatzen zaionak jartzen du erakusketa. Aurten niri egokitu zait eta horregatik nago hemen.

Zenbat denbora izan duzu erakusketa prestatzeko?

Uda aurretik egin genuen zozketa. Erakusketak bi zati ditu: Soledad invernal eta Verano del 22. Zozketa egin genuenerako, Soledad invernal prestatuta neukan, eta tokatu zitzaidanean, beste zatia prestatzen hasi nintzen.

Argazki gehienak Zarautzen ateratakoak dira. Herria erakutsi nahi izan al duzu?

Egia da argazki gehienak Zarautzen ateratakoak direla, hemengoa naizelako eta gehiena hemen ibiltzen naizelako; baina tartean badaude beste leku batzuetan ateratakoak ere. Herriari angelu berriak topatzen dizkiot ateratzen naizen ia guztietan, eta denak erakusketarako balekoak. Hala ere, nire asmoa ez da izan Zarautzi buruzko erakusketa bat egitea; kaleko argazkilaritza egin nahi izan dut.

Zeuk esan bezala, bi zati nabarmen desberdinak ditu erakusketak.

Soledad invernal-ek neguko bakardadea irudikatzen du. Argazkiak minimalistagoak dira, pertsona bat edo gehienez bi azaltzen dira argazki bakoitzean, bakoitza bere erara, bakardadean. Txuri-beltzeko argazkiak dira eta horrek berak ere hotz sentsazioa handitu egiten du. Verano del 22-ek, aldiz, justu kontrakoa irudikatzen du: udarako bizitza, herriko giroa, jendearen arteko harremanak, berotasuna… Kolorez betetako argazkiak dira, eta, gainera, kolore espektroaren arabera daude horman zintzilikatuta, berotik hotzera. Horiez gain, badira txuri-beltzean ateratako beste lau argazki berezi, denboraz kanpo daudela diruditenak; niretzat, Zarauzko lau leku onenetan ateratakoak.

30 argazkik osatzen dute erakusketa. Asko kostatu al zaizu aukeraketa egitea?

Argazkiak ateratzea izan da errazena; aukeratzea ikaragarri kostatu zait. Erakusketa berean bi proiektu biltzen direnez, bi erakusketa prestatzea bezala izan da. Bakoitzerako argazki pila bat nituen aterata; guztira, 1.000 inguru. Pare bat aste ordenagailuaren aurrean pasatu behar izan ditut zein 30 jarri erabakitzen eta horiek editatzen. Argazki on asko sakrifikatu behar izan ditut erakusketari koherentzia ematearren.

Ingurukoek zer esan dizute erakusketaren inguruan?

Orain ari zaizkit esaten gustatu zaiela, baina gaur arte inori ez nizkion hemen jartzekoa nintzen lanak erakutsi.

Zeu gustura gelditu al zara egindako lanarekin?

Oso gustura, eta poz ematen du jendeari ere gustatzen ari zaiola ikusteak.

Aspaldikoa al duzu argazkigintzarako zaletasuna?

Aurten asko ibili naiz, baina hasi, duela hiru bat urte hasi nintzen. Agian ez da denbora asko izango, baina kalera ateratzen naizen gehienetan kamera soinean dudala irteten naiz. Gero, egunak izaten dira: batzuetan, argazki on askorekin eta poz-pozik bueltatzen naiz etxera; eta beste batzuetan, batere gabe eta amorratuta.

Kaleko argazkigintza al duzu gustukoen?

Kirol argazkiak eta erretratuak ateratzea ere gustatzen zait, baina horiek ez dira horren bat-batekoak: norbaitekin gelditu egin behar duzu, ekintza bat egon behar du… Eta niri gehien-gehiena gustatzen zaidana da bat-bateko argazkilaritza, kamerarekin kalera atera eta momentuan tokatzen den horri argazkia ateratzea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide