Zarauzko Arkami galeriak Amarenak moda diseinu estudioak sortu duen Elkano bilduma erakutsiko du datozen asteotan. Erakusketa bihar, abenduaren 14an, zabalduko dute, 18:30etik aurrera.
Euskal kulturari eta bertako ehun ondareari lotutako diseinuak egiten dituen diseinu estudioa da Amarenak. Moda diseinuko estudio honetako arduradunek azaldu dutenez, jantzi eta elementu tradizionalak berreskuratzen aritu da azken urteetan, "modaren balio unibertsal eta atenporala aurkitu nahian".
Elkanoren mundu bira erabili dute bere azken bildumarako inspirazioa. Haren bidaiako itsas-lanbideetan aurkitu du iturria, hala nola, marinel, arrantzale, arrain-saltzaile eta saregileen arropa eta ohialetan. Bildumaren atzean ezkutatzen den lanketa eta diseinu prozesua ere erakutsiko da Arkami galerian.