Etzi bukatuko da inauterietako konpartsan izena emateko epea

Aritz Mutiozabal 2022ko abenduaren 12a

Zarauzko inauterietako iazko konpartsa. (Juan Luis Romatet)

Moulin Rouge izango da aurten landuko duten gaia, eta entseguekin abenduaren 18an hasiko dira.

Gabonen atarian egonagatik ere, Zarauzko Udala datorren inauterietan pentsatzen hasia da dagoeneko. Urteroko konpartsan parte hartzeko izen-ematea zabaldu du, eta, aldi berean, kartel lehiaketa ere jarri du martxan. Gauzak horrela, mozorroen jaiari begira jartzeko denborarik ez du galdu nahi izan, nahiz eta otsailaren 18tik 21era ospatuko den.

Gai jakin baten inguruan lantzen dute inauterietako konpartsa, eta aurten Moulin Rouge izan da aukeratutakoa. Abenduaren 14ra arte –asteazkenera arte– eman daiteke izena jaiak@zarautz.eus posta elektronikora idatzita; hamar euro balio du inskripzioak. Zehaztu dutenez, zortzi urtetik gorakoek hartu dezakete parte bertan, eta 190 pertsonakoa da muga. Entseguekin abenduaren 18an hasiko dira, eta Aritzbatalde kiroldegiko frontoian egingo dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide