Gaur amaituko du egonaldia azken egunotan Zarauzko alde zaharraren inguruko kaleak hartu dituen Erdi Aroko azokak. Gaueko 9:00ak arte izango dute herritarrek zein bisitariek postu hauek bisitatzeko aukera.
Atzo beste azoka bat ere izan zen herrian, akaso ez aurreko bezain xarmagarria; glamour handirik ez zuen izango, baina herritarrek beraien ohiko bizitzan beharrezkoak dituzten gaiak erosteko aukera eskaintzen duen azoka da.
Arropak, poltsak, panpinak, ohe estalkiak edota gerrikoak erosteko baliatu zuten Klabelinsoro kalean jarritako hileko ohiko azokara hurreratu zirenek. "Noski balio dizula! Begira, frogatuko dizut", azaldu zion gerrikoa saldu nahi zion saltzaileak susmoti zegoen bezeroari. "Kalitare hobeagoko alkandorarik ez duzu aurkituko inon prezio honetan", zioen beste saltzaile batek. Eta hurrengoak esan zion bezeroari azkenekoz ekarriko zituela galtza horiek azokara, "dagoeneko ez dituztelako egiten". Agian egia esango zen esandakoa, baliteke ezetz. Hurrengo hileko ohiko azokara bertaratu beharko hala den ziurtatzeko.