Zarautz Abesbatzak Gabon Kontzertu solidarioa eskainiko du bigarrenez, 2018an abiatutako bideari berriro heldu nahian. Oraingoan, Hotz Zarautz Gobernuz Kanpoko Erakundearekin (GKE) elkarlanean egingo dute eta azken honek jasoko du emanaldian biltzen dirua errefuxiatuekin aldeko proiektuetara bideratzeko. Abenduaren 17an jarri dute hitzordua Frantziskotarren elizan 20:15ean. Sarrera doakoa izango da eta borondatea eskatuko diete gerturatzen diren entzuleei.
Esan bezala, 2018an antolatu zuen lehenengoz Zarautz Abesbatzak ekimen solidarioa eta orduko esperientzia errepikatzea da asmoa Jaione Escudero zuzendariaren arabera; izan ere, "oso ona" izan zela dio. Gainera, datozen urteei begira jarraipena emateko asmoa dute. Escuderoren hitzetan, "diruz laguntza askorik lortuko ez bada ere, jendea sentsibilizatzeko balioko duela uste dugu, gure ahotsa eta bihotza jarriko dugu jendearengana iritsi dadin".
Munduko Begiak erakundearekin izan zuten lehen esperientzia hura eta erakundea bera izan zen haiengana jo zuena. Aurtengoan, aldiz, abesbatzak berak izan du ekitaldia antolatzeko ekimena eta udalak egin du bitartekaritza lana. Zentzu horretan, Patxi Elola Elkartasun zinegotziak azaldu du abesbatzak zituen asmoak azaldu zizkienean eurek proposatu zietela elkarlana Hotz Zarautzekin egitea: "Guk herriko GKEekin harreman zuzena dugunez, balorazioa egin genuen abesbatza etorri zitzaigunean eta Hotz Zarautzen aldea egitea erabaki genuen. Dena den, aurrera begira jarraitzeko asmoa dutenez, beste balorazio bat egingo dugu berriro gerturatzen zaizkigunean eta, agian, beste izen bat aterako da. Era berean, argitu behar da gurea proposamena baino ez dela, azken hitza abesbatzak berak du, hau da beraiek erabakiko dute ekitaldi solidarioa noren alde egin nahi duten".
Hotz Zarautz, bere aldetik, oso eskertuta agertu da proposamenarekin eta Agate Burgaña erakundeko lehendakariak zehaztu du eurek ere balorazioa egingo dutela ekitaldia amaitutakoan dirua errefuxiatuen aldeko zein proiektutara bideratuko duten erabakitzeko.